euskal presoak

Etxerat-ek ohartarazi du "premiazkoa" dela presoak hurbiltzea

Balorazio positiboa egin dute bestelako espetxe politika bat ezartzeko asmoari buruz.

Patricia Velez eta Urtzi Errazkin, gaurko agerraldian.
Patricia Velez eta Urtzi Errazkin, gaurko agerraldian. Jon Urbe / Foku

Iraitz Mateo Gogorza -

2018ko uztailak 4

Egungo Espainiako espetxe politikak presoen eskubideez gain senide eta lagunen eskubideak ere urratzen dituela salatu du Etxerat-ek. Gobernu berriaren jarrera aldaketarekin eta diskurtsoarekin baikor agertu da, hala ere, eta lehenbailehen presoak gerturatzea beharrezkoa dela adierazi du. "Eskubide eta legeez hitz egiten ari gara, ezin dugu itxaroten egon", azaldu du Urtzi Errazkin bozeramaileak.

Euskal gizarteak, bertako instituzioek eta sindikatuek eskatutakoa Espainiako Estatura heltzea positiboa dela uste dute, baina, hitzetatik haratago, ekintzetara joatea ezinbestekoa dela diote: "Aurrerapauso bat izan da, baina hankak lurrean izan behar ditugu, gurean ez baita ezer aldatu".

Senide eta lagunak "biktima potentzialak" direla esan dute eta dispertsioa hasi zenetik hamalau lagun hil direla bisitetarako bidaian. Pasa den asteburuan gertatutako istripua politika horren ondorio dela salatu dute, eta zauriturik egon ez zen arren hori zorte kontua besterik ez dela. Astebururo 700 euskal herritar inguru dabiltza errepidean eta horrek dakarren sufrimenduarekin behin betiko amaitu behar dela adierazi Errazkinek.

Etxerat-ek elkarrizketarako prest daudela berretsi du nahiz eta oraindik  inor ez den beraiekin harremanetan jarri eta Madrildik ez duen informaziorik jaso.