Enplegua

Soldatak igotzen ez diren susperraldia

Krisiaren aurretik bezainbeste jende dago lanean jada, baina ez da nabaritu ordainen hazkundean. "Aurrekaririk ez duen egoera" dela ohartarazi du OCDEk.

ESK, Eilas, eta CGT sindikatuek joan den Maiatzaren Lehenean Bilbon egin zuten manifestazioa.
ESK, Eilas, eta CGT sindikatuek joan den Maiatzaren Lehenean Bilbon egin zuten manifestazioa. Marisol Ramirez / Foku

Ivan Santamaria -

2018ko uztailak 4

Krisiaren eskaera premiazkoena izan da: lanpostu gehiago sortzea. Bada, fase hori gainditu da: Atzeraldi Handiaren aurretik baino jende gehiago dago lanean. Enplegu sorrera gizartearen sektore ahulenetara heldu da —adinekoak, haur gazteak dituzten emakumeak, gazteak edo migratzaileak—, baina susperraldi horri zerbait falta zaio: soldatak ez dira igotzen ari.

Ordainen igoerari buruzko eztabaida ohikoa bihurtu da azken hilabeteotan. Eusko Jaurlaritzak berak aldarrikatu izan du behin baino gehiagotan hazkundea soldatetan islatzeko garaia dela, enpresaburu elkarte batzuei gustatu ez zaien mezua. Arazoari nazioarteko dimentsioa eman dio orain OCDE Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Elkarteak.

Soldata igoera eskasa da, non-nahi. 2017. urteko amaieran, esaterako, ordain nominalak erdia hazi dira, hamar urte lehenago zeukaten hazkunde tasarekin alderatuta. Soldata errealarekin ere antzera gertatzen ari da: %1 igo dira batez beste OCDEko herrialdeetan, krisiaren aurretik zegoen igoeraren erdia.

Ondorioak izan ditzake egoera luzatzeak, ohartarazi du elkarteak. "Herrialdeak ziklo hau hausteko gai ez badira, publikoak susperraldian duen fedea ahulduko da, eta lan merkatuan dagoen desorekan sakonduko da", dio OCDEren txostenak.

%1aren mesederako

Desoreka hori da garai berrien ezaugarrietako bat. Hala, soldaten hazkunde eza bereziki sari txikienak dituzten langileei eragiten die. Soldata onenak dituzten langileen %1aren ordainak askoz azkarrago igotzen ari dira. Are gehiago, ordain handienak dituen %1ak ez du sekula gaur bezainbeste kobratu. "Soldata igoerarik gabeko hazkundeak desoreka horiek larriagotzen ditu", zehaztu du dokumentuak.

Desoreka horiek soldata arrakalari lotuta daude, era berean. Batez beste, gizonek baino %39 gutxiago kobratzen dute emakumeek OCDEko herrialdeetan. Arrakalaren parte handiena lan bizitzaren lehen erdian gertatzen da, ikerketaren arabera.

Faktore ezberdinak daude egoeraren atzean. OCDEk hiru multzotan sailkatu ditu. Lehenik eta behin, produktibitatearen igoera txikia dago, eta, horri lotuta, inflazio eza. Bigarrena, lan merkatuak eskatzen dituen abileziak aldatu izana da. Hirugarrena eta azkena, enpleguak kalitatea galtzea bera da: geroz eta langile gehiago nahi ez dituzten lanpostu partzialak hartu behar izatera kondenatuta daude. Gainera, soilik langabeen heren batek kobratzen du langabeziari lotutako sariren bat.

Langileen kualifikazioa handitu beharra azpimarratu du OCDEk, lehentasun modura. Automatizazioak lanpostuen %14 arriskuan jarriko ditu, laburrera begira, eta digitalizazioak beste heren baten izaera goitik behera aldatuko du. Lanpostu batetik bestera lekudaltzeko formakuntza eta tresna egokiak ematen ez bazaizkie, langile askok ez dute irteerarik aurkituko. Horrekin batera, eta ia lehen aldiz, negoziazio kolektibo koordinatu baten aldeko mezua bidali du erakundeak, gizarte eragile "indartsu" eta autonomoekin, "kalitate handiagoa duten lan baldintzak" egotea bermatzen duela iritzita.

Lan erreformari kritikarik ez

Dokumentu orokorretik aparte, herrialde batzuei buruzko iruzkinak argitaratu ditu OCDEk. Espainiari dagokion atalean, lan erreforma ez dago soldatak igotzea trabatzen dituen arrazoien artean. Galdetuta, Angel Gurria elkarteko buruak esan du "beranduegi" egin zela erreforma, eta ldefendatu du angabezia tasak azkarrago murriztea ahalbidetu duela.

Gomendioetan ere ohiko kritika bat sartu du erakundeak. Iruditzen zaio kaleratzeak egin baino lehen ohartzeko epea laburregia dela, eta, aldiz, uste du kaleratze kalteordainak "bereziki oparoak" direla. Sistema egokitzea proposatu du: epe handiagoa ematea kaleratzeei buruz ohartzeko, baina, trukean, kalteordainak jaistea.

 

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna