Ikurrak

Iruñeko Udalak ez du ikurrina jarriko udaletxeko balkoian sanferminetako txupinazoan

Joseba Asiron alkateak jakinarazi duenez, mastetako bat hutsik utziko du udalak, "debekatutako identitateak" daudela adierazteko.

Ikurrika Iruñeko udaletxeko balkoian, iazko sanferminetako balkoian. JAGOBA MANTEROLA, FOKU
Gorka Berasategi Otamendi.
2018ko uztailaren 5a
21:31
Entzun

Asironen esanetan, Iruñeko sanferminetan "beti egon da ikurrina, eta beti egongo da". Herritarrek ikurrina aterako dutela ziurtzat jo du. Aldiz, azaldu duenez, "kontua da ikurrina mastan egongo den, edo, beste batzuetan gertatu den bezala, borrekin jazarriko zaion". Alkateak berak aurreratu du aurten ez dela izango udaletxeko balkoian.

Alkateak nabarmendu du ikurrina udaletxera ateratzea eragozteko "izaera juridikoko mehatxua" dagoela, eta horregatik ez dela balkoian jarriko. "Ulertuko duzuen bezala, ezagutzen ari garen ebazpen judizialen testuinguruak asko kezkatzen gaitu".

Carmen Alba Espainiako Gobernuaren Nafarroako ordezkari ohiak 11 salaketa jarri zituen festen hasieran ikurrina jarri duten Nafarroako udalen aurka. Azken hilabeteetan, hainbat  udal zigortu dituzte. Horien artean, Atarrabiakoa, Lizarrakoa eta Burlatakoa.

Asironek adierazi du masta bat utziko duela hutsik udalak, "debekatutako identitateak" daudela adierazteko. "Gaur eta bihar artean epaile batek debekatzen ez badu", gaineratu du. Erabaki judizial batzuk gizartearengandik urrun daudela ohartarazi du alkateak. Nabarmendu duenez, ordea, egiaz kezkagarriena da "gaur egun Europan, Nafarroan eta Iruñean jendea egotea pentsatzen duena banderak debeka daitezkeela".

Ikurrina 2015eko sanferminetan itzuli zen udaletxeko balkoira sanferminetako txupinazoan. 1981ean jarri zuten azkenekoz, eta Asironek berreskuratu zuen, udal hauteskundeak irabazi eta bi hilabetera baino gutxiagora. Aldaketa politikoaren lehen erakusleetako bat izan zen. Asironek ziurtatu zuen ikurrina jartzeak ez zuela orduko Ikurren Legea urratu. Legearen arabera, beste erkidego bateko ordezkarien bisita ofizialetan bakarrik zintzilika daitezke Nafarroakoak, Iruñekoak, Espainiakoak eta Europakoak ez diren banderak, eta alkateak Eusko Legebiltzarreko hiru ordezkari gonbidatu zituen udaletxera: Diana Urrea, Eva Blanco eta Rebeka Ubera EH Bilduko kideak.

Ikurrina jartzeko erabakia "lege iruzurra" izan zela ebatzi zuen, baina, Nafarroako Auzitegi Nagusiak. Epaileek adierazi zuten udalak ikurrina jartzeko espresuki gonbidatu zituela Eusko Legebiltzarreko ordezkariak. Gauza bera ebatzi zuen Tafallako Udalaren aurka ere.

Hurrengo urtean, bost haga jarri zituen udalak, eta, horietan zintzilik, lau bandera: Iruñekoa, Nafarroakoa, Espainiakoa eta Europakoa. Hutsik geratu zen bosgarren masta, ikurrinaren zain. "Erreferentziazko tokietako bat hutsik utzi dugu era sinbolikoan, gizartearen pluraltasuna islatzeko", azaldu zuen. Ikurrina era ez-ofizialean azaldu zen balkoietako batean, EH Bilduko zinegotzien eskuetan.

Nafarroako Parlamentuak 2003ko Ikurren Legea indargabetu zuen iazko martxoan, lauko gobernua sostengatzen duten indarren babesarekin. Erabakiak Nafarroako ikurren gaineko gatazka piztu zuen, eta UPNk, PSNk eta PPk ikurrinaren kontrako mobilizazioa sustatu zuten.

Legea indargabetuta, Iruñeko Udalak ez zuen aitzakiarik bilatu behar izan 2017ko txupinazoan. "Faktore batek baldintzatu du erabakia: lege esparrua aldatu egin da", azaldu zuen Asironek. "Ikurren Legea bertan behera gelditu zen, eta, horri esker, bandera guztiak zintzilikatu ahal izan ditugu. Orain, Nafarroako herritar guztiak ordezkatzen dituzte udaletxean dauden ikurrek".

Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiak, ordea, ez du iritzi bera agertu. Ikurrina jartzearen kontrako epaia eman zuen apirilean, erabakiak "legezko babesik" ez zuela iritzita. Epaileen esanetan, "aniztasun politikoaren printzipioa" ez dago "legezkotasun printzipioaren gainetik".

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.