Hilberria

Claude Lanzmann zinema zuzendaria hil da, 92 urtetan

Claude Lanzmann (Paris, Frantzia, 1925) frantziar kazetari, idazle eta zinema zuzendaria bereziki ezaguna egin zen 'Shoah' film erraldoiagatik; Deuseztatze esparruei buruzko bederatzi ordu eta erdiko dokumentalak, nazien deuseztatze esparruetatik bizirik atera zirenen lekukotasunak ditu oinarri.

Claude Lanzmann artxiboko argazkian. /
Claude Lanzmann artxiboko argazkian. / CANNES-ko zinema jaialdia

Nora Arbelbide Lete -

2018ko uztailak 5

Gaur goizean hil da Lanzmann 92 urte zituela. Literatura eta filosofia ikasi  zituen gaztetan, eta hainbat diziplinatan lanean aritu bazen ere, ororen gainetik "egiaren militantea eta gerrilaria" zela esan izan zuen sarri. Erresistentziako kide izan zen Lanzmann nazien okupazio garaian, Jean Paul Sartreren gertuko lagun, eta Simone de Beauvoirren maitale ere bai. La lièvre de Patagonie (Patagoniako erbia) lanean kontatu ditu bere oroitzapenak. Shoah filmagatik ezagun egin zen batik bat, eta 2013an ohorezko Urrezko Hartza saria jaso zuen Berlinalen, egindako ibilbideagatik.

Joan den maiatzean estreinatu zuen Napalm filma Cannesen. Gaztetan Ipar Koreako erizain batekin izandako maitasun istorioan kontatzen du bertan. Frantzian atzo estreinatu zuten, gainera, bere azken lana:  Les quatre soeurs. Shoah pelikula egiten ari zela elkarrizketatutako lau andreren bizipenak bildu zituen bertan.

Claude Lanzmann elkarrizketatu zuen BERRIAk, 2011n.

Horra elkarrizketatik atera pare bat esan:

"Bizitza asko maite dut. Bizitzarekiko oso sentimendu sakona dut. Horregatik da hain garrantzitsua heriotza. Ez dut sinesten betiereko bizitzarik badenik, ez dut sinesten erlijioetan, ez dut sinesten inongo jainkorengan... Auschwitzen hiru urtez komando berezietan lan egiten zuen Filip Mueller izeneko juduaren hitzak aipa ditzaket. 'Bizitza. Hori besterik ez dago'. Hala pentsatzen dut nik ere".

"Nik aurrez aurre begiratu nuen Shoah-en eguzki beltza. Ez nuen ezker-eskuin begiratu. Aurrera begiratzen duen zaldia bezalakoa izan nintzen".

"Shoah oso film konplexua da, sotila. Badira oso plano ederrak. Edertasunak inporta du. Agerikoagoa egiten du izugarrikeria. Auschwitz ez da gune ederra. Gas ganberetarantz doazen giza irudiak ageri dituen igeltsuzko maketa bat filmatzea ikaragarria da. Negu hotzean oso panoramika motel eta perfektua egin genuen hor, eta eskuak ezin du dardararik egin. Hori da film bat egitea. Hori da zorroztasuna. Gauza bera dira etika eta estetika".

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna