Migrazioa

OEE plataformak "tentuz" hartu du Bilbon migratzaileentzat irekiko den aterpetxea

Jaurlaritzak, Bizkaiko Diputazioak eta Bilboko Udalak sustatu dute, eta Gurutze Gorriak kudeatuko du. 40 lagunentzako lekua izango du, eta arreta zerbitzu guztia bertan emango diete. Zabalik dagoen 48 lekukoari gehituko zaio.

Udaletxe aurrean egin diren protestetako bat.
Udaletxe aurrean egin diren protestetako bat. Ongi Etorri Errefuxiatuak./

Ibai Maruri Bilbao -

2018ko uztailak 5

Bigarren egunez, Bilboko udaletxe atarian elkartu dira Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformako kideak, migratzaileei harrera egiteko baliabide publikoak eskatzeko asmoz. Gabezia egiturazkoa dela ohartarazi dute. Txus Blanco plataformako kideak zalantzan jarri ditu egunotan agintariek egindako adierazpenak: "Koordinazio ona dagoela eta harrera zuzena egiten zaiela esan dute. Hori ez da egia. Migratzaileak kalean dabiltza noraezean, Ongi Etorri edo beste elkarteren bateko boluntarioek laguntzen diegun arte". Salatu du udalak eskaini duen zerbitzu bakarra Gurutze Gorriak erabiltzen duen 48 oheko aterpetxe bat izan dela. Lo egiteko eta gosaltzeko aukera eskaintzen diete. "Dutxatu ere ezin dira egin". Gainera, gaitzetsi du gau bitan baino ezin dutela erabili. "Bart, 38 onartu zituzten, eta 35 kanpoan utzi zituzten, 35 horiek birritan egin dutelako lo aterpetxean". 

Jakin nahi du erakunde publikoek adostu duten aterpetxe horretan ere berdin jokatuko duten. "Tentuz" hartu du albistea. "Hirugarren gauean kalera botako dituzte? Euren beharrak aseko dituzte? Harrera osatua eta integrala eskainiko zaie?". Galderak egin ditu eta erantzunen zain geratu da. 

Oraingoz, erakunde publikoek ez dute zehaztasunik eman. Beste 40 lagunentzako lekua izango du. Aterpetxea sortzea adostu duten bileran Gurutze Gorria, CEAR-Euskadi eta Munduko Medikuak ere egon dira, hiru erakunde publikoekin batera. Administrazio bakoitzak egingo duen ekarpen ekonomikoa jakinarazi dute. 150.000 euroren aurrekontua izango du: 100.000 Jaurlaritzak jarriko ditu; 30.000, diputazioak; eta 20.000, udalak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna