INTERNET

Europako Parlamentuak atzera bota du Interneten edukiak partekatzeko muga handiagoak jartzea

Egile eskubideak babesteko lege proposamena iritsi da osoko bilkurara; besteak beste, tasa bat ezarri nahi zuten hedabideen edukiak partekatzeagatik. Parlamentuak atzera bota du proposamena.

Europako Parlamentua, artxiboko irudi batean.
Europako Parlamentua, artxiboko irudi batean. Patrick Seeger/EFE

Garikoitz Goikoetxea -

2018ko uztailak 5

Interneten zeresan handia jarri duen lege proposamen bat baztertzea erabaki du Europako Parlamentuak. Egile eskubideei buruzko zuzentarau berria egiteko proposamena heldu da osoko bilkurara. Hilabeteak daramatzate testua lantzen, eta parlamentuko batzordean aurrera atera zen. Osoko bilkuran, ordea, aurka bozkatu du gehiengoak, 318 parlamentarik. Alde agertu dira 278 ordezkari, eta 31 abstenitu egin dira.

Polemika handia eragin du zuzentarau proposamenak. Batetik, aldeko ziren egile eskubideak babesteko hainbat elkarte: egileen lana aitortzeko urratsa zela uste dute. Bestetik, ordea, Interneteko enpresa handi batzuk aurka zeuden —Google, adibidez—, baita eragile txikiago ugari ere: askatasuna mugatzeko legea zela ohartarazi zuten. Adierazgarria izan da Wikipediak egindako protesta: gaur eguerdira arte, itxita eduki dute.

Zuzentarau proposamenaren bi artikuluk sortu dute zeresana. Batek, hamaikagarren artikuluak, zera zuen oinarri: egile eskubideak babestuak dituzten hedabideetako albisteak partekatzeko, hedabide horren baimena behar izatea. Horrek zuzenean eragiten zien albiste agregatzaileei, eta Wikipediaren gisako plataformei ere bai, informazio iturri gisa eduki horiek erabiliz gero. Sustatzaileen helburua zen tasa bat ordaindu behar izatea edukien jabetza duten hedabideei.

Beste artikulu gatazkatsua hamahirugarrena da: plataformak behartu nahi zituzten erabiltzaileek igotako edukiak berrikustera, ziurtatzeko ez dagoela egile eskubideak urratzen dituen edukirik. Plataforma horiek egin nahi zituzten egile eskubideak urratzearen erantzule. Youtuberi eragingo lioke horrek, adibidez.

Aurkako taldeek nabarmendu dute adierazpen askatasuna mugatzea ekarriko lukeela zuzentaraua onartzeak, eta erabiltzaileen pribatutasuna urratzeko bidea jarriko lukeela.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna