AUTOGOBERNUA

Eusko Legebiltzarreko Autogobernu Lantalderako bere boto partikularra aurkeztu du PSE-EEk

 

Iraitz Mateo Gogorza -

2018ko uztailak 5

Gernikako Estatutua erreformatzen dabil Eusko Legebiltzarreko Autogobernu Lantaldea, eta Idoia Mendia sozialisten idazkari nagusiak akordioarekiko bere alderdiak dituen desadostasunak eta botu partikularra aurkeztu ditu. PSE-EEren proiektua "bizikidetza ituna zabaltzearen" eta "pluralismoaren" aldekoa dela ohartarazi du. Eta, EH Bilduk eta EAJk lortutako akordioaz gain, aukera gehiago eta hobeak daudela uste du.

Hiru punturekin dago desados alderdi sozialista, batez ere. Lehenenak, eskubideei egiten die erreferentzia, euren taldeak giza eskubideak babesten dituela azaldu du eta ez, proposamenean bezala, nazionalena. Bestetik, sistema federala da "bideragarriena" Mendiaren ustez, eta ez konfederala. Eta azkenik, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan garatzen den plana da PSE-EErena, inguruko lurraldeei eragingo ez diena.

Hitzaurrea eta atariko titulua aldatzeko beharra ikusten dute batik bat, ondorengo kapituluak ulertzeko ezinbesteko oinarriak baitira, Mendiaren iritziz. Uste du ez daudela euskal gizartearen premietara egokituta: "Abertzaleek nahiago izan dute soilik beraien artean adostu, euskal gizartearen beharretara moldatu baino".

Identitate gaiak baino, egun EAEn etxebizitza, enplegua eta zerbitzu publikoak garrantzitsuagoak direla adierazi du Mendiak. Horregatik, autogobernuaren inguruan akordio zabalagoak lortze aldera, enplegua sortzea, ekonomia sustatzea, industria bultzatzea eta pentsioak defendatzea izango dira beren planeko egiteko nagusiak.

Autogobernu Lantaldearen lehenengo fasea ez dela "ongi aprobetxatu" esan du, eta beste alderdiekin bat egitea espero duela: "Batzen gaituzten gauzak banatzen gaituztenak baino gehiago" direlako, Mendiaren ustez.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna