Sanferminetako erasoa

Pasaportea egiten saiatu zen erasotzailea preso sartzeko eskatu dute akusazioek

Antonio Manuel Guerrero guardia zibilak behin-behineko askatasunean egoteko baldintzak urratu zituen edo ez erabakitzeko auzi saioa egin dute gaur Iruñean. Erabakia aste honetan edo hurrengoan har dezaketela zabaldu dute berri agentziek. Erabaki arte libre egongo da.

Auzitegiak epaia atera zuen egunean, protesta egin zuen jendetzak auzitegiaren aurrean.
Auzitegiak epaia atera zuen egunean, protesta egin zuen jendetzak auzitegiaren aurrean. Iñigo Uriz/Foku

Garikoitz Goikoetxea -

2018ko uztailak 5

Espainiako Poliziak jakinarazi zuenez, Guerrero joan den astean saiatu zen pasaportea ateratzen, astelehenean, baldintzapean kartzelatik atera eta lehen lanegunean. Sevillako epaitegira sinatzera joan zen —hori du aske egoteko baldintzetako bat—, eta ondoren Espainiako Poliziaren egoitzara joan zen, pasaportea egitera.

Poliziek, ordea, ez zioten pasaporterik egin, Espainiako Estatutik ateratzea debekatua baitu. Defentsako abokatuaren arabera, gaizki ulertu bat izan zen; pasaportea galdua zeukan, eta berria ateratzera joan zen, epaitegian entregatzeko asmoz. Guerrerori kasu egin zion langileak, berriz, beste bertsio bat eman zuen polizia txostenean: ez zuela jakinarazi pasaportea erretiratua daukala, eta ez zuela berekin eraman baldintzapeko askatasuna ezartzen duen autoa.

Fiskalak eta akusazioek Guerrero kartzelatzeko eskatu dute, baldintzapeko askatasuna urratu duelakoan. Gaur egin dute horri buruzko auzi, eta bederatzi lekukok deklaratu dute: pasaportea egiten duten bulegoko poliziak dira hiru; Guerrerok astelehen, asteazken eta ostiraletan sinatzen duen auzitegikoak beste hiru, eta Guerrerok eskatuta, haren bikotekideak, emazteak eta lagun bat ziren gainerakoak.

Auzitegiko iturriek berri agentziei azaldu dienez, "epe motzean" har dezakete erabakia: aste honetan edo hurrengoan.

Iruñeko taldeko erasoaren harira zigortutako bost gizonak ekainaren 22an atera ziren espetxetik, baldintzapeko askatasunean: astean hiru egunetan joan behar dute sinatzera, ezin dira Espainiako Estatutik irten, eta ezin dira Madrilgo erkidegora joan —han bizi da eraso zioten emakumea—. Behin-behinean aske uzteko erabakiaren aurka helegitea jarria dute akusazioek.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna