KATALUNIA

Errepublika gauzatzeko "borondatea" berretsi dute indar subiranistek

CUPk hauspotutako ebazpen proposamenaren alde bozkatu dute JxCk eta ERCk parlamentuan. Duela ia hiru urte prozesu subiranistari hasieran eman zion testuaren "helburu politikoak' dauzka.

Quim Torra, gaurko osoko bilkuran
Quim Torra, gaurko osoko bilkuran QUIQUE GARCIA / EFE

Igor Susaeta -

2018ko uztailak 5

Quim Torra Generalitateko presidenteak esan du, gainera, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteari esango diola independentzia "gauzatzeko" intentzioa dutela. Astelehenean Moncloan biltzekoak dira bi agintariak, eta Kataluniakoak datorren irailean berriro elkartzeko proposamena egingo dio Espainiakoari.

Eta bilera horren bezperatan onartu du proposamena legebiltzarrak. 2015eko azaroaren 9ko testua dauka oinarrian, eta hura bertan behera utzi zuen Auzitegi Konstituzionalak. Beraz, testua ez tramitatzeko aholkatu dute ganberako abokatuek. Halere, beste hainbat ebazpen bezala, gaur egindako osoko bilkuran eztabaidatu eta bozkatu dituzte.

Ciutadansek, PSCk eta PPC ez dute proposamenaren bozketan parte hartu, eta Ciutadansek eskatu dio Sanchezi  Konstituzionalean inpugnatu dezala.

Espainiatik deskonektatzeko eta errespublika sortzen hasteko borondatea adierazten zuen 2015eko testuak, eta horri heldu dio CUPek. Subiranistei iruditzen zaie, gainera, iazko erreferendumeko eta hauteskundeetako emaitzek  ebazpena "legitimatzeko" balio dutela.

Halere, hurrengo pausoak emateko orduan subiranisten artean desadotasunak badirela ikusi ahal izan da gaurko saioan. Izan ere, ERCk alde bozkatu du, baina adierazi du eraginkorretik baino gehiago "sinbolikotik" duela proposamenak, eta duela ia hiru urteko testu bat onartzeak aurrera egiteari "uko egin" nahi izatea adierazten duela.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna