EUSKARA

"Euskaraz funtzionatzea" jarri du helburutzat Gipuzkoako Diputazioak

Seigarren euskara plana aurkeztu du aldundiak. Zerbitzu hizkuntza gisa erabat bermatua dute euskarazko arreta, eta lan arloan jarri nahi dute begirada orain: "Euskaraz egin daitekeena euskaraz egingo da".

Markel Olano ahaldun nagusia eta Garbiñe Mendizabal Hizkuntza Berdintasuneko zuzendaria.
Markel Olano ahaldun nagusia eta Garbiñe Mendizabal Hizkuntza Berdintasuneko zuzendaria. Gipuzkoako Foru Aldundia

Garikoitz Goikoetxea -

2018ko uztailak 6

Euskararen erabilera normalizatzeko seigarren plana egin du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Tramitazio eredu desberdina izan du planak, Hizkuntza Berdintasuneko zuzendari Garbiñe Mendizabalek azaldu duenez: parte hartze prozesu bat egin dute langileekin. Sindikatuekin eta arduradun politikoekin ere bildu dira.

Euskara "bidegurutzean" dagoela, ideia horri heldu dio Markel Olano ahaldun nagusiak: "Erabileran daukagu erronkarik handiena". Lan arloan eragin nahi dute. Aldundiak emandako datuen arabera, bost langiletik lauk baino gehiagok badute dagokien hizkuntza eskakizuna edo handiagoa, eta espero dute datozen urteetan, belaunaldi aldaketarekin, guztiak izango direla euskaldunak. Horregatik, laneko jardunean salto bat emateko garaia dela uste dute: "Euskaraz funtzionatuko duen aldundia nahi dugu". Planaren oinarria zera da: "Euskaraz egin daitekeena euskaraz egingo da". Mendizabalek adierazi du "prozesu bat" egingo dutela helburu hori lortzeko.

Aurreko euskara planean —Bildu agintean zegoela egin zuten—, euskara "lehenestea" aipatu zuten. Helburu horri berari beste kontzeptu batzuekin heldu diote orain: "berdintasuna" aipatu du Olanok, euskararen eta gaztelaniaren arteko oreka lortu beharra, eta horretarako euskarari leku handiagoa egitea. Horrekin batera, "justizia soziala" ere hartu dute ahotan: "Euskarak urteetan jasandako zapalkuntza orekatzeko beharra".

Aurreko euskara planari helegitea jarri zion Espainiako Gobernuaren ordezkariak, Carlos Urkijok (PP), eta artikulu batzuk bertan behera utzi zituzten epaitegiek. Ez dute horrelakorik espero orain: ohartarazi dute lege adituek berrikusi dutela plana —aldundikoek bertakoek eta unibertsitatekoek—, eta ez diotela tatxarik ikusi.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna