Sanferminak

Besta piztu da

Udaletxe plaza jendez gainezka zela bota dute txupinazoa Leire Zabalza eta Ibai Ganuza Motxila 21 taldeko kideek.

Berria -

2018ko uztailak 6

Azken egunetako ika-miken ostean, bestelako irudia hartu dute gaur Iruñeko Udaletxeak eta hango plazak. Altsasukoak askatu jartzen zuen pankarta beltz handi bat, gaztetxearen aldeko hori bat, Orain presoak jartzen zuen zuri bat, eta haiei pegatuta, ikurrin eta Nafarroako bandera handi bana. Guztien aurrean, udaletxetik gertuen, 2016ko sanfeminetako bortxaketaren epaiaren behin-behineko neurriak salatzen dituena: "Esta justicia es una mierda" (justizia hau kaka bat da). Horiek eta jendetza, jendetza handia. Gutxi-asko, urteroko irudia ikusi da aurtengo sanferminetako txupinazoan ere.

Balkoian, bi protagonista nagusi: Leire Zabalza eta Ibai Ganuza. Downen sindromea duten kideek osatzen duten Motxila 21 taldeko kideak dira biak, eta haiek izan dute plazan zeudenak agurtu eta suziria pizteko ohorea. Pozez gainezka egin dute beren lana, pozez gainezka ziren milaka lagunen aurrean. Euforia gailendu da orduan, poza, jauziak eta oihuak.

Aurten, gainera, bereziki motel atera da jendea plazatik. Iruñeko txistulariek Gaintzaren biribilketa jo ostean, La Pamplonesa abestia jo dute, ohi gisan, Euskal Herri osoko gaiteroek. Haiek plazara irteterako lekua egoten da normalean, baina gaur ez. Jendetza zen oraindik plazan. Kalejiran abiatzeko ere lan nekeza izan dute, gainera.

Oinez txokoan ere bota dute txupinazoa. Joseba Ezkurdiak eta Jose Javier Zabaletak egin dute, eguerdiko hamabietan. Eta herri sanferminetako txupinazoa 14:30ean bota dute.

Horrenbestez, hasi da jaia Iruñean. Bederatzi egun daude aurretik, eta ohi gisan, era guztietako ekitaldiak izango dira; 490 ekitaldi baino gehiagoren arten aukeratzeko modua izango da.

German Rodriguez eta eraso sexistak

Bihar izango da jaietako egun handia, San Fermin eguna, eta prozesioa izango da eguneko ekitaldirik jendetsuenetako bat. Etzi, berriz, egun berezi-berezia izango da. Biharkoa pasatuta, berrogei urte beteko dira Poliziak German Rodriguez tiroz hil zuenetik. Errepresioz blaitutako sanfermin haiek oroitzeko, omenaldi ekitaldi berezia egingo dute aurten, Sanferminak 78 Gogoan herri plataformak antolatuta.

Hain justu, duela 40 urtekoa gogoan, erreportaje sorta argitaratu zuen igandean BERRIAk. Gertaeren kronika, German Rodriguezen soslaia, Josu Txuekari eginiko elkarrizketa, Joseba Asiron alkatearen iritzi artikulua, Rodriguezen oroitarriaren inguruan gertatutakoak, eta Rodriguezen hilketa salatzeko mobilizazioetan Donostian hil zuten Joseba Barandiaranen kasua.

78an gertatutakoak oroitzeko sanferminak ez ezik, eraso sexistarik gabeko jaiak ere izan nahi dute aurtengoek. Iruñeko Udalak EraStop aplikazioa sortu du, adibidez. Sakelakoaren bidez eraso sexistak salatu eta udaltzainei zuzenean abisua emateko aukera eskaintzen du aplikazioak. Protokolo berezia jarri dute martxan, gainera, eta egunero emango dute erasoen berri.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna