Lurra izango da aurten ardatza Eako Poesia Egunetan

Uztailaren 13, 14 eta 15ean egingo dira poesia egunak. Egitarauak Earako propio sortutako zenbait ekitaldi batuko ditu.

jarraia154236.jpg
Zihara Jainaga Larrinaga.
2018ko uztailaren 6a
09:19
Entzun

Herrixeri Emon Arnasa kultur taldeak antolatzen du urtero Eako Poesia Egunetako egitaraua. "Urtero sortu eta hiltzen den ekitaldia da", adierazi dute taldeko partaideek gaur goizean egitaraua aurkezteko egindako prentsaurrekoan.

Hamabosgarren aldia izango da aurtengoa, eta berezitasunen artean dago Eako herri kaskoan egingo direla ekitaldi guztiak. Lurra, sustraietatik orri leloa jarri diote aurtengoari. Bertan, lurra, gaur-gaurko gaia ikuspuntu anitzetatik jorratuko dute Ean batuko diren sortzaileek.

Amaia Elizalderen hitzaldiarekin hasiko dira Poesia Egunak. Jon Miranderen (H)aur Besoetakoa idazlana izango du hizpide ostiralean, 19:30ean. Aurkezpenean bertan,  Elizaldek adierazi du (H)aur besoetakoak mota desberdinetako irakurleen aldetik izandako harreraren inguruan hitz egingo duela; "harrera horretan eragin duten zentsura mota desberdinetan oinarrituko naiz", gaineratu du. Horrez gain, orain arte egin ez den proposamen bat aurkeztuko du.

Larunbatean, berriz, Ibai Atutxaren hitzaldiarekin hasiko dira jardunaldiak, 11:00etan. Atutxak prentsaurrekoan azaldu duenez, Eider Rodriguez, Uxue Alberdi eta Danele Sarriugarte idazleen lanak aztertuko dituzte intimitatearen aldetik, Bestelako lurralde, intimitate eta euskal herritarrak egungo literaturan izenburupean. 

Ostean, Martin Bidaur idazle gaztearen eta Juanjo Olazagarreren errezitala izango da Moilan. Arratsaldean, errezital gehiagoz, antzerkiez zein kontzertuez gozatzeko aukera egongo da.

Hirugarren eguna, igandea, Mari Luz Esteban EHUko antropologoaren hitzaldiarekin hasiko da. Eguerdiarekin bat, Joxe Artzeri keinu eginez, eMe taldeak Oier Guillanen kolaborazioarekin kontzertua eskainiko du Moilan, eta, poesia egunei amaiera emateko, La Basuren rap kontzertua entzuteko aukera egongo da.

Azken urteotan egin legez, Erramun Mendibe Landa artistak egin du poesia egunen kartela. Bedaroako Juanen balada tristea izena du kartelak. "Herriko pertsonaia maitagarria izan zen Juan, pertsonaia erreala, errealitate gogorra bizi izan zuena", azaldu dute HEA kultura taldeko kideek. Hori horrela, Mendibe Landak margolanen bitartez sufrikario horren salaketa egin nahi izan duela zehaztu dute.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.