Brasil

Lulak espetxean jarraituko du, eztabaida judizial baten ondoren

Apirilean sartu zuten preso, ustelkeria egotzita. Guardiako epaile batek habeas corpus-a onartu dio, baina erabakia indargabetu egin du instrukzio epaileak lehenik, eta Lurraldeko Auzitegi Federalak ondoren.

Lula, preso sartu aurretik.
Lula, preso sartu aurretik. Sebastiao Moreira/Efe

Berria -

2018ko uztailak 9

Urriaren 7an egitekoak dira hauteskundeak Brasilen, eta Luiz Inazio da Silva Lula hautagai aurkeztekotan da. Presidente ohia preso sartu zuten apirilean, eta atzo haren askatasunari buruzko gatazka judiziala izan zen Brasilen.

Epaile batek Lula askatzeko agindua eman zuen goizean. Rogerio Favreto guardiako epaileak habeas corpus-a onartu zion, eta presoa berehala aske uzteko agindu zuen. Kanpainaurrean parte hartu ahal dezan hartu du erabakia epaileak.

Erabakiak, baina, kontrako errakzioak eragin ditu berehala herrialdeko justizia sisteman. Lula espetxera bidali zuen Sergio Moro epaileak —9 urte eta 6 hilabeteko zigorra ezarri zion, lehen instantzian— kritikatu egin du Favreto epailearen autoa, eta nabarmendu du erabaki hori hartzea ez dagokiola berari.

Ordu gutxiren buruan, Joao Gebran Neto epaileak indargabetu egin du Lula aske uzteko erabakia. Gebran Netok du Lava Jato ustelkeria kasuaren instrukzio ardura, eta hark Lula zigortu zuen bigarren instantzian, 12 urteko espetxe zigorrera.

Gatazka ez da horretan gelditu, Favretok beste behin agindu baitu Lula aske uztea. Polizia Federalak, ordea, ez du agindua bete, epaileen arteko kontraesanak direla eta. Lurraldeko Auzitegi Federaleko presidenteak moztu du eztabaida. Haren esanetan, Lularen askatasunaren gaineko erabakia Lava Jato auziko instrukzio epaileari dagokio.

Favretok Lula aske uzteko agindu duen autoan argudiatu du espetxealdiak ez diola presidente ohiari uzten hautagai gisa dagozkion eskubideak gauzatzen.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna