Hilberria

Jose Maria Setien Donostiako gotzain emeritua hil da

Igandeaz geroztik ospitaleko zaintza berezien gelan zegoen, iktus baten ondorioz. Bihar egingo dute hileta elizkizuna, Donostiako Artzain Onaren katedralean.

Mikel Goñi/'Irutxuloko Hitza'

Berria -

2018ko uztailak 10

Jose Maria Setien 1979tik 2000ra izan zen Donostiako apezpiku. Urte hartan, iktus bat izan zuen, eta beste iktus baten eraginez zendu da bart, 02:00ak inguruan, Donostiako ospitalean. Hernanin jaioa zen, eta 90 urterekin hil da.

Setienen omenezko hileta elizkizuna bihar egingo dute, Donostiako Artzain Onaren katedralean. Jose Ignacio Munilla Donostiako egungo gotzainak gidatuko du elizkizuna. Azken agurra ematera bildu nahi dutenentzat, hil kapera irekita egongo da, gaur, 14:00etatik aurrera, Artzain Onaren katedralean.

Elizan zuen karguarengatik pertsona ezaguna izan da Setien, baina baita Euskal Herriko gatazkari buruz egin zituen adierazpen politikoengatik ere. Setienek nabarmendu zuen Elizak ezin ziola Euskal Herriko gatazkari bizkar eman.

Haren jarreraren adierazgarri, berak idatzitako liburua: Setien. Un obispo vasco ante ETA (Setien. Gotzain euskaldun bat ETAren aurrean). ETAren jarduna gaitzetsi zuen, baina harekin "bigun" aritzea leporatu izan zioten zenbait sektore ez-abertzaletatik. Bestalde, Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidearen alde agertu izan da, baita ETAri amaiera eman eta gatazka gainditzeko bake prozesua bultzatzearen alde ere.

2003an, Urrezko Domina eman zion Gipuzkoako Foru Aldundiak, "komunitatearen alde zuzentasunez eta koherentzia intelektualez aritu delako lanean, eta justizia, elkartasuna, askatasuna eta norbanakoen eta taldekoen eskubideak errespetatzea eraginkortasunez defendatu duelako".

Erreakzioak

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren esanetan, pertsona eredugarria izan da Setien, "bizitzan konpromiso zuzena eta zintzoa erakutsi zuena". Twitter bidez nabarmendu du gotzainak bizikidetzaren aldeko konpromisoa izan zuela.

Gipuzkoako ahaldun nagusi Markel Olanok ere Setienen ibilbidea goratu du. Haren hitzetan, "lider sozial eta espiritual bat" izan zen, eta gizartean utzi duen arrastoa "sakona" izan dela ziurtatu du.

Maddalen Iriarte EH Bilduko legebiltzarkideak, Radio Euskadin egin dioten elkarrizketa batean, adierazi du Setienek elkarrizketaren eta bakearen aldeko jarrera izan zuela euskal politikari dagokionez. "Eliza katolikoaren barruan berarentzako erraza ez zen egoera egokitu zitzaion, baina Gipuzkoako Elizako jarraitzaileen babesa izatea lortu zuen, eta hori oso garrantzitsua dela iruditzen zait gotzain baten ikuspegitik".

Alfonso Alonso Araba, Bizkai eta Gipuzkoako PPko presidentearen iritziz, Setienek "ahalegina" egin zuen Eliza katolikoa "bizirik" mantentzeko. Hala ere, Alonsok adierazi du ez zuela behar besteko "ulermena" izan "terrorismoaren biktimekin".

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna