Sanferminak

Arrisku handiko uneak utzi ditu bosgarren entzierroak, baina ez da adarkaturik izan

Santo Domingoko aldapan gora oso bizi irten dira Nuñez del Cuvillo ganadutegiko zezenak. Estafetako bihurgunean, oso gutxigatik ez dituzte hainbat korrikalari adarkatu. Bideoa albistearen barruan.

Nuñez del Cuvilloren zezenetako bat, Estafetako bihurgunetik irteterakoan, korrikalari bat adarkatzeko zorian. /
Nuñez del Cuvilloren zezenetako bat, Estafetako bihurgunetik irteterakoan, korrikalari bat adarkatzeko zorian. / Rodrigo Jimenez/EFE

Berria -

2018ko uztailak 11

Pentsa daiteke errazagoa zela adarkatutako korrikalariak izatea, inor adarrez zaurituta ez suertatzea baino. Izan ere, arrisku handiko uneak sortu dituzte Nuñez del Cuvillo ganadutegiko zezenek sanferminetako bosgarren entzierroan. Aurreko urteetan, ganadutegi horretako zezenek korrikalari ugari zauritu dituzte adarrez, eta gaur ere hala izateko zorian egon dira, baina, zorionez, ez da horrela gertatu. Hala ere, eroriko asko izan dira, eta, Gurutze Gorriaren lehen datuen arabera, hiru korrikalari eraman dituzte ospitalera, jaso dituzten kolpeengatik. 2:48 iraun du entzierroak.

Zezenek hasiera-hasieratik hartu dituzte estu korrikalariak. Santo Domingoko aldapa oso azkar igo dute. Aurreko entzierroetan ez bezala, zezenek hartu dute aldapan taldeko burua. Estafetako bihurgunera iritsi direnean, bihurgunearen kanpoaldean ziren korrikalariak aurretik eramateko zorian izan dira bi zezen. Adarrak oso gertu izan dituzte zenbaitek.

Estafeta kalean gora, berriz, zezenetako bat bakarrik aurreratu zaio taldeari, jendetzan murgilduta. Hainbat eroriko izan dira zuzengunean. Zezen plazaren sarreran ere hainbat korrikalari erori dira, eta zezen bat lurrera jausi da haietako birekin estropezu egin ostean. Zezenari altxatzen lagundu behar izan diote.

Plaza barruan zirela, korrikalariei segika jardun du zezenetako batek, eta kosta egin da hura ukuilura bideratzea.

Zuzeneko kontakizuna

17:55
2018-07-11

Gaueko 23:15etan su festak izango dira Ziudadelan. Ondoren, gaueko 23:30tan foruen enparantzan Rawan eta Lucy Paradise taldeen emanaldia izango da.

17:53
2018-07-11

Joseba Barandiaran omendu dute Astigarragan

1978ko sanferminetan Poliziak German Rodriguez hil zuela salatzeko protestetan hil zuten Joseba Barandiaran, Donostian, hura ere tiroz. Astigarragakoa zen izatez, eta gaur, omenaldia egin diote bere herrian, Poliziak hil zueneko 40. urteurrenean.

15:07
2018-07-11

Oinez Txokoak ere egitarau oparoa eskaintzen du egunero. Gaur, 18:30etan Potxin pailazoaren emanaldia izango da. Ondoren kontzertuen txanda iritsiko da; 20:30ean La banda del jefe Bign taldearen kontzertua izango da. 23:30ean Garabatos taldearena eta 01:00etan Brutal Roomena.

Ikusi egitarau osoa hemen

12:36
2018-07-11

Haurren eguna kari peña ezberdinetako 60 haurrek alkatearekin gosaldu dute

Peña ezberdinetako 60 haurrek Joseba Asironekin gosaldu eta entzierroa Seminario etxetik ikusteko aukera izan dute. Haurren eguna ospatzeko alkateak txokolatea eta txurroak gosaltzera gonbidatu ditu hamasei peña ezberdineetako 60 haur. Urtean zehar, peñetako txikienek udaletxearen funtzionamendua barrutik nolako den ikusteko aukera izan dute.

12:30
2018-07-11

Bertso saiorik ez da falta sanferminetan. Gaur 21:30ean Saioa Alkaiza ta Sustrai Colina ariko dira kantuan Zaldiko Maldikon.

11:48
2018-07-11

Programa bete dago gaurko, eguerdiko hamabietan haurren dantza jaialdia izango da Gazteluko plazan, Jota Jaialdia Saraste pasealekuan, Herri kirol erakustaldia Foruen plazan eta udaletxeko plazatik abiatuta musika kalean.

11:25
2018-07-11

Haurren eguna

Haurren eguna ospatuko da gaur Iruñean. Udalak eta peñe txikienentzako egitarau osoa prestatu dute.

Ikusi egitaraua

11:22
2018-07-11

Arrisku handiko uneak izan dira sanferminetko bosgarren entzierroan

Arrisku handiko uneak sortu dituzte Nuñez del Cuvillo ganadutegiko zezenek sanferminetako bosgarren entzierroan. Hasiera-hasieratik hartu dituzte estu korrikalariak, oso azkar igo baitute Santo Domingoko aldapa. Estafetako bihurgunera iritsi direnean, bihurgunearen kanpoaldean ziren korrikalariak aurretik eramateko zorian izan dira bi zezen. Adarrak oso gertu izan dituzte zenbaitek. Estafeta kalean gora, berriz, zezenetako bat bakarrik aurreratu zaio taldeari, jendetzan murgilduta. Hainbat eroriko izan dira zuzengunean. Zezen plazaren sarreran ere hainbat korrikalari erori dira, eta zezen bat lurrera jausi da haietako birekin estropezu egin ostean.

Ikusi bideoa

10:49
2018-07-11

Hiru pertsona eraman dituzte ospitalera entzierroaren ondorioz

Nuñez del Culvillo ganadutegiko zezenek entzierro arriskutsua egin dute. Hala ere hiru lagun soilik eraman behar izan dituzte ospitalera; traumatismo arinak dituzte zaurituek, eta horietako batek adarkada bat belarrian. Gurutze gorriak 64 pertsona artatu ditu entzierroaren ibilbidean eta DYAk sei.


Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna