Sanferminak

Foruzaingoak lelo matxistak dituzten txapak erretiratu ditu Iruñean

Sanferminetako protokoloak debekatu egiten du espresuki lelo matxistak dituen materiala saltzea.

Sanferminetan salgai zeuden txapetako batzuk
Sanferminetan salgai zeuden txapetako batzuk Foruzaingoa

Ainhoa Larretxea Agirre -

2018ko uztailak 11

Mezu matxistak zituzten txapa andana erretiratu du Foruzaingoak Iruñeko kaleetatik. Konfiskatutako txapetan, bertzeak bertze, "dirurik gabeko emagaldua", "nire zakilak zaporea dauka" eta "gaur larrua joko dut zu egon ala ez egon" leloak zeuden idatzita. Iruñeko Udalak jaietarako idatzitako bandoan material matxista oro saltzeko debekua ezartzen du. Gainera, norbait halako materiala saltzen ikusiz gero konfiskatu eta ez itzultzeko agintzen du.

Neurri horrekin, Iruñeko Udalak eraso sexistarik gabeko bestak bultzatzea du helburu. Udalak jaietarako idatzitako bandoan, gainera, gogorarazten du hiriak ez duela jarrera matxistarik onartuko, eta herritarrei adierazten die norbaitek erasoren bat ikustekotan emakumeari laguntza eskaintzeko eta erasotzailea baztertzeko.

Iragan ortziralean, Saioa Alkaizak txapa sexisten gaia hartu zuen mintzagai Nafarroako Hitza-n idatzi zuen artikuluan.

 

Zuzeneko kontakizuna

17:55
2018-07-11

Gaueko 23:15etan su festak izango dira Ziudadelan. Ondoren, gaueko 23:30tan foruen enparantzan Rawan eta Lucy Paradise taldeen emanaldia izango da.

17:53
2018-07-11

Joseba Barandiaran omendu dute Astigarragan

1978ko sanferminetan Poliziak German Rodriguez hil zuela salatzeko protestetan hil zuten Joseba Barandiaran, Donostian, hura ere tiroz. Astigarragakoa zen izatez, eta gaur, omenaldia egin diote bere herrian, Poliziak hil zueneko 40. urteurrenean.

15:07
2018-07-11

Oinez Txokoak ere egitarau oparoa eskaintzen du egunero. Gaur, 18:30etan Potxin pailazoaren emanaldia izango da. Ondoren kontzertuen txanda iritsiko da; 20:30ean La banda del jefe Bign taldearen kontzertua izango da. 23:30ean Garabatos taldearena eta 01:00etan Brutal Roomena.

Ikusi egitarau osoa hemen

12:36
2018-07-11

Haurren eguna kari peña ezberdinetako 60 haurrek alkatearekin gosaldu dute

Peña ezberdinetako 60 haurrek Joseba Asironekin gosaldu eta entzierroa Seminario etxetik ikusteko aukera izan dute. Haurren eguna ospatzeko alkateak txokolatea eta txurroak gosaltzera gonbidatu ditu hamasei peña ezberdineetako 60 haur. Urtean zehar, peñetako txikienek udaletxearen funtzionamendua barrutik nolako den ikusteko aukera izan dute.

12:30
2018-07-11

Bertso saiorik ez da falta sanferminetan. Gaur 21:30ean Saioa Alkaiza ta Sustrai Colina ariko dira kantuan Zaldiko Maldikon.

11:48
2018-07-11

Programa bete dago gaurko, eguerdiko hamabietan haurren dantza jaialdia izango da Gazteluko plazan, Jota Jaialdia Saraste pasealekuan, Herri kirol erakustaldia Foruen plazan eta udaletxeko plazatik abiatuta musika kalean.

11:25
2018-07-11

Haurren eguna

Haurren eguna ospatuko da gaur Iruñean. Udalak eta peñe txikienentzako egitarau osoa prestatu dute.

Ikusi egitaraua

11:22
2018-07-11

Arrisku handiko uneak izan dira sanferminetko bosgarren entzierroan

Arrisku handiko uneak sortu dituzte Nuñez del Cuvillo ganadutegiko zezenek sanferminetako bosgarren entzierroan. Hasiera-hasieratik hartu dituzte estu korrikalariak, oso azkar igo baitute Santo Domingoko aldapa. Estafetako bihurgunera iritsi direnean, bihurgunearen kanpoaldean ziren korrikalariak aurretik eramateko zorian izan dira bi zezen. Adarrak oso gertu izan dituzte zenbaitek. Estafeta kalean gora, berriz, zezenetako bat bakarrik aurreratu zaio taldeari, jendetzan murgilduta. Hainbat eroriko izan dira zuzengunean. Zezen plazaren sarreran ere hainbat korrikalari erori dira, eta zezen bat lurrera jausi da haietako birekin estropezu egin ostean.

Ikusi bideoa

10:49
2018-07-11

Hiru pertsona eraman dituzte ospitalera entzierroaren ondorioz

Nuñez del Culvillo ganadutegiko zezenek entzierro arriskutsua egin dute. Hala ere hiru lagun soilik eraman behar izan dituzte ospitalera; traumatismo arinak dituzte zaurituek, eta horietako batek adarkada bat belarrian. Gurutze gorriak 64 pertsona artatu ditu entzierroaren ibilbidean eta DYAk sei.


Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna