Martxoaren 3ko biktimak

Europako Parlamentuak azalpenak eskatuko dizkio Madrili Martxoaren 3ari buruz

Txosten bat egiteko eskatuko dio Justizia Ministerioari. Europako Batzordeari ere zuzenduko zaio eta auzia ikertzeko zer egin dezakeen argitzeko eskatuko dio. Martxoaren 3 Elkarteko kideek azalpenak eman dituzte europarlamentarien aurrean.

Martxoak 3  Elkarteko Nerea Martinez eta Andoni Txasko, Europako Parlamentuan
Martxoak 3 Elkarteko Nerea Martinez eta Andoni Txasko, Europako Parlamentuan / Berria

Jokin Sagarzazu -

2018ko uztailak 11

Europako Parlamentuaren Eskarien Batzordeak gutun bana bidaliko die Espainiako Gobernuko Justizia Ministerioari eta Europako Batzordeari, 1976ko martxoaren 3an Gasteizen izandako gertakarien biktimen egia, justizia eta ordaina bermatzeko zer egin dezaketen azal dezaten. Eskaera horri idatziz erantzun beharko diote Madrilek eta Bruselak. Gutun horretan, parlamentuak bi erakundeei azalduko dizkie Martxoaren 3ko Elkarteko kideen argudioak eta Eskaeren Batzordeko kide batzuenak ere bai.

Martxoak 3 Elkarteko ordezkari Andoni Txaskok —gertakarietan zaurituak— eta Nerea Martinezek —hildako baten senideak— Europako Parlamentuaren Eskaeren Batzordean izan dira. Azaldu dute Espainiak "ate guztiak itxi" egin dizkiela euren kasua ikertzeko, eta gertakarien arduradunen “zigorgabetasuna” salatu dute.

Elkarte memorialistak uste du Espainiak bere memoria politikak aztertu behar dituela eta alderatu eta egokitu behar dituela nazioarteko irizpideetara; besteak beste, Memoria Aktibo Bat egitasmo europarrarekin eta Europako Kontseiluaren eta NBE Nazio Batuen Erakundearen gomendioekin.

Martinezek babesa eskatu die Europako erakundeei, haiek “bigarren mailako biktimak” izaten jarrai ez dezaten. “Eskandalu bat izango litzateke gauza bera egingo balitz nazismoko edota beste edozein erregimen faxistako biktimekin”.

1976ko martxoaren 3an Gasteizen izandako gertakariekin, Espainiako Polizia tiroz oldartu zitzaion Zaramaga auzoko Asisko San Frantzisko elizan bilduta zegoen langile batzar bati, eta bost pertsona hil eta 150 baino gehiago zauritu zituen. Hilabete batzuk lehenago (1975eko azaroaren 20an) hil zen Franco diktadorea, eta hark ezarritako erregimenaren aurkako protestak ugari izan ziren nonahi.

Gasteizko gertakariongatik ez dute inor epaitu, ordutik eta gaur egunera arte hildakoen senideek eta zaurituek, elkarteek eta instituzioek hainbat ahalegin egin dituzten arren, Espainian eta atzerrian; Argentinan, bereziki, Servini epailearen eskutik. Kaltetuek 1977ko Espainiako Amnistia Legea izan dute traba nagusia aurrera egiteko. Dena den, biktimek argudiatzen dute gertakari horiek eta garaiko beste batzuk gizateriaren aurkako krimen gisa hartu behar direla eta ezin dutela preskribatu.

Denak alde

Europako Parlamentuaren Eskarien Batzordeak erabaki du Martxoak 3 Elkartearen eskaera irekita mantentzea eta, Madrilen eta Bruselaren erantzunen arabera, proposamen bat landu ala ez aztertuko du datozen bileretan.

Batzordean ordezkaritza duen alderdietako inor ez da aurka azaldu. Espainiako PPren ordezkariak, baina, azpimarratu du Europako Batasunak eskumenik ez duela gisa horretako gertakariak ikertzeko. Antzera mintzatu da Europako Batzordeko ordezkaria. Hark, dena den, baliabide “teknikoak” eskaini dizkio Espainiari “zigorgabetasunaren aurkako” politikak garatzeko.

Eskarien Batzordeko kide ez den arren, EAJko Izaskun Bilbaok ere hitz egin ahal izan du, eta ukatu egin du Europako Batzordeak eskumenik ez duela auzia ikertzeko; gogoratu ditu hori ahalbidetzen duten hainbat erabaki.

Ahal Duguko Xabier Benitok ere izan du hitz egiteko aukera. “Masakre batek ezin du inoiz preskribatu” azpimarratu du eta Espainiako Gobernuaren jarrera salatu du. “Zigorgabetasuna desegin behar da eta horretarako derrigorrezkoa da justizia egitea. Hori ere badagokio Europako Batasunari, Espainiak ez badu egin nahi. Zergatik ez da ezer egiten honen inguruan?”, salatu du.

Elkarte memorialistak 2015eko martxoaren 3an aurkeztu zuen Europako Parlamentuan agerraldia egiteko eskaria, eta 2015eko abenduan onartu zuen parlamentuak. Izaskun Bilbao (EAJ) eta Josu Juaristi (EH Bilduko) europarlamentarien laguntza izan zuten horretarako.

Haiez gain, eta elkarteko kideekin batera, Bruselan izan dira Gorka Urtaran Gasteizko alkatea (EAJ) eta Miren Larrion zinegotzia (EH Bildu), besteak beste. Interneteko sare sozialetan zabaldutako mezuetan, Urtaranek adierazi du Martxoaren 3ko biktimak aintzat hartu behar direla “beste edozein terrorismoren biktimak bezala”. “Gure hirian itxi gabe dagoen kapitulu honek egia, justizia eta erreparazioa exijitzen du”. Alkateak azpimarratu du “memoriaren kultura lantzea” ezinbestekoa dela “bizikidetza eraikitzeko”.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna