Gizartea

Osakidetzak errepikatu egingo ditu hiru espezialitatetako azterketak

Lau kategoriatako salaketak aztertu ditu epaimahaiak, eta hirutako etsamin batzuk errepikatzea erabaki du. Honakoak: Kardiologia kategoriako bigarren ariketa, anestesia kategoriako bi ariketak eta angiologia eta Kirurgia Baskularra kategoriako bi ariketak.

Ekainean egin zituzten azterketak.
Ekainean egin zituzten azterketak. Marisol Ramirez/Foku

Berria -

2018ko uztailak 11

Osakidetzako Lan Eskaintza Publikoetan irregulartasunak izan direla salatu ostean erabaki dute esandako azterketa horiek errepikatzea. Kirurgia plastikoa eta konpontzailea kategoriari dagokionean, berriz, egindako azterketen emaitzak onartu eta prozedurarekin aurrera jarraitzea erabaki dute.

Sakaletak jaso ostean informazio-espedienteak aztertu dituzte, eta txostena eskatu diote aditu independente bati. Txosten horren ondorioak hilaren 19an azaltzekoak dira Eusko Legebiltzarrean Osakidetza, Osasun Saila eta IVAP. Nolanahi ere, epaimahaiek gaur goizean erabaki dute hiru azterketa horiek errepikatzea, eta arratsaldean prentsaurrekoa eman du Maria Jesus Mugica Osakidetzako zuzendari nagusiak erabakia jakinarazteko.

Esan duenez, "LEP hau ahalik eta gardenena izatea" lortu nahi dute erabaki honekin, eta baita bertan parte hartu duten pertsona guztien "eskubideak errespetatzea" ere.

Azterketa guztiak aztertzea erabaki zuen Osakidetzak, salaketak publiko egin zirenean, baina, hala ere, lau espezialitatetan bakarrik ireki zituen espedienteak.

Atzo bertan salaketa gehiago aurkeztu zituen ESK-k.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna