Kroazia 2 - 1 Ingalaterra

Kroaziak jokatuko du Munduko Kopako finala, Frantziaren kontra

Trippierrek sartu du Ingalaterraren gola, bosgarren minutuan. Perisicek berdindu du, 68.ean. Eta Mandzukicek 108.goan sartutako golak erabaki du partida. Igandean izango da finala, eta larunbatean, hirugarren eta laugarren postuak erabakiko dira Belgikak eta Ingalaterrak jokatuko duten partidan.

Tentsio handiko partida jokatu dute.
Tentsio handiko partida jokatu dute. Alberto Estevez/Efe

Berria -

2018ko uztailak 11

Ingalaterra nagusitasunez aritu da partidaren lehen zatian. Partida hasi eta bost minutura sartu du gola Kieran Tripierrek, eta handik aurrera, nagusitasunari eutsi diote ingelesek. Falta jaurtiketa batean sartu du gola Tripierrek, baloia hesiaren gainetik bidalita. Kroaziak ezin izan dio buelta eman partida hasi bezain pronto jaso duen kolpeari, eta lanak izan dituzte atera iristen ere.

Bigarren zatian gogor atera dira Kroaziakoak, golaren bila. Ingalaterrak eroso eutsi dio denbora gehienean, baina ekin eta ekin, iritsi egin dira kroatak, azkenean 68. minutuan sartu du gola Ivan Perisicek.

Handik aurrera, tentsioa izan da nagusi. Kroaziak gehiago kontrolatu du baloia, baina galoik ez da iritsi partidaren arauzko denboran. Luzapenean sartu du gola Mandzukicek, 108. minutuan.

Azken hogei urteetako txapelketarik onena egin du Kroaziak. 1998an hirugarren izan zen, eta geroztik lehen fasea gainditu ezinik zebilen. Igandean, finala jokatuko du Frantziaren kontra (17:00). Hark bigarren finala izango du.

Horrenbestez, bigarren aldiz Munduko Kopako finala jokatzeko aukera galdu du Ingalaterrak. 1966an irabazi zuen Munduko Kopa lehen eta azken aldiz, eta orain 28 urte iritsi zen azkenekoz finalerdietara. Larunbatean erabakiko da hirugarren edo laugarren gelditzen den, Belgikaren kontra jokatuko duen partidan (16:00).

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna