Genero berdintasuna

Emakumeek lehenengoz parte hartu dute Asteasuko eta Bergarako sokadantzan

Sanpedrotan egin zuten dantza Asteasun (Gipuzkoa), eta sanmartzialetan Bergaran (Gipuzkoa).

Sanpedrotako sokadantza, Asteasun, ekainaren 29an. /
Sanpedrotako sokadantza, Asteasun, ekainaren 29an. / Maite Irizar/Dantzan. CC-BY-SA

Berria -

2018ko uztailak 12

Tradizioa eta genero parekidetasuna uztartzeko urrats bat egin dute Asteasun eta Bergaran. Aurten, lehenengoz parte hartu dute emakumeek San Pedro eta San Martzial egunean egin ohi dituzten dantzetan.

Asteasun, jaiak prestatzeko bileretan proposatu zuten neskek ere dantza egiteko aukera bultzatzea, eta hainbat emakumezko animatu dira dantzara. Aurreko urteetan ere proposatutako aldaketa izan da, eta aurten gauzatu da lehenengoz. Elizmendin egin zuten sokadantza, ekainaren 29an. Asteasun, 2008an berreskuratu zuten dantza hori, 1936ko gerrak ohitura eten ondotik.

Aldaketa "modu naturalean" egin da Bergaran, Xamatz dantza taldeko kideen esanetan. Aurten parte hartzaile berriak izan direla azaldu dute; tartean, emakumezkoak. Berdintasunaren bidean "urrats bat" izan dela adierazi dute, eta hurrengoak zein beharko lukeen aurreratu: aurreskua edo atzeskua emakumezkoa izatea. Xamatz taldeko oraingo eta lehengo dantzariek eta udaleko zinegotziek dantzatu ohi dute sanmartzialetan.

 

 

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna