Katalunia

Alemaniako Justiziak Puigdemont Espainiaratzea erabaki du, diru publikoa bidegabe erabiltzea leporatuta

Baztertu egin du Kataluniako presidente ohiari matxinada delitua leporatzea. Horrenbestez, Espainiako Justiziak soilik Alemaniak onartutako akusazioarengatik epaitu ahalko du. Hainbat iturriren arabera, Llarenak ez du onartuko ebazpena.

Carles Puigdemont Kataluniako presidente ohia, Berlinen, hedabideen aurreko agerraldi batean. Artxiboko irudia. /
Carles Puigdemont Kataluniako presidente ohia, Berlinen, hedabideen aurreko agerraldi batean. Artxiboko irudia. / Felipe Trueba/EFE

Gorka Berasategi Otamendi -

2018ko uztailak 12

Schleswig-Holstein landerreko Lurralde Auzitegiak hartu du Puigdemont Espainiaratzeko erabakia. Auzitegiak ez du agindu Kataluniako presidenteordearen kontrako kautelazko neurririk, eta Puigdemontek aske jarraitzen du. Halaber, ebazpenak ez du entregarako datarik edo eperik zehazten, eta Alemaniako fiskaltzak gauzatu beharko du erabakia.

Alemaniako fiskaltzak ez du aukerarik epaiari helegitea aurkezteko. Puigdemontek, ordea, eskubidea du Alemaniako Auzitegi Konstituzionalari babesa eskatzeko. Wolfgang Schomburg defentsa abokatuak aurreratu zuen hala egingo zuela, Alemaniako Justiziak Kataluniako presidentea espainiaratzea erabakiz gero. Horrek hainbat hilabetez luzatu dezake Puigdemonten egonaldia Alemanian.

Espainiako Auzitegi Gorenak ere ezingo dizkio auzitegiari kontrako argudioak aurkeztu. Hala ere, Puigdemonten entrega baztertzeko aukera du, eta litekeena da Pablo Llarena instrukzio magistratuak hala egitea, Kataluniako presidente ohiari soilik diru publikoa bidegabe erabiltzea leporatzen diolako. Hainbat iturriren arabera, epaileak ez du onartuko Puigdemont diru publikoa bidegabe erabiltzeagatik bakarrik Espainiaratzerik, eta horretarako zein bide hartu erabakitzen ari da. Aukeretako bat da euroagindu eskaera bertan behera uztea, eta beste bat da, Europako auzitegietara jotzea.

Izan ere, Llarena kontraesan nabarmenean eroriko litzateke Puigdemonti delitu hori bakarrik leporatzea onartuko balu, kontuan izanik Kataluniako prozesu subiranistan Puigdemontek baino ardura apalagoak izan dituzten auzipetuei delitu larriagoak leporatu dizkiela: matxinada eta desobedientzia, hain zuzen.

Gorenak Alemaniako Justiziaren Espainiaratzea ontzat emanez gero, Puigdemonti sei urteko kartzela zigorra ezarri ahalko lioke gehienez ere, eta hamar urtetarako kargu publikoetarako ezgaitu. Aldiz, matxinada delituagatik kondetatutakoek 25 urtera arteko zigorra jaso dezakete.

Puigdemontek adierazi du "estatuak defendatu duen gezurra" garaitua izan dela gaur. Kataluniako presidente ohiak preso independentistak izan ditu gogoan. "Justizia alemaniarrak ukatu egin du urriaren 1eko erreferenduma matxinada izan zenik. Gure kideek espetxean pasatzen duten minutu bakoitza minutu lotsagarri eta bidegabea da. Amaierara arte borrokatuko dugu, eta irabaziko dugu!" idatzi du bere Twitter kontuan.

Quim Torra Kataluniako presidenteak ere Twitter bidez baloratu du auzitegiaren erabakia. "Albiste oso ona" da, haren esanetan. "Oso pozik nago Carles Puigdemont presidentearengatik eta sekula hasi behar ez zuen auzi baten amarru eta gezurrak agerian gelditu direlako beste behin. Europan irabaziko dugu".

Traizio gorenik ez

Puigdemont martxoaren 25ean atxilotu zuen Alemaniako Poliziak, herrialdearen eta Danimarkaren arteko mugan. Haren kontrako euroagindua eman zuen Espainiako Auzitegi Gorenak. Schleswig-Holsteingo Lurralde Auzitegiak behin-behinean aske utzi zuen handik egun batzuetara —apirilaren 5ean—, entrega eskaria aztertu bitartean.

Goreneko magistratu Llarenak matxinada delitua leporatu zien Puigdemonti eta beste hamabi buruzagi independentistari. Auzipetze autoan ziurtatu zuen boterearen erabilera "bidegabea" egin zutela "altxamendu" bat bultzatzeko, "armarik gabe", baina indarkeria erabiliz.

Alemaniako Justiziak, Espainiakoak ez bezala, ez du nahikoa arrazoi ikusi Pugdemonti matxinada delitua leporatzeko. Auzitegiak Alemaniako kode penaleko traizio goreneko delituarekin parekatu du Espainiako matxinada delitua, eta argudiatu du Puigdemonti leporatzen zaizkion gertakarietan ez zela traizio goreneko delituari dagokion adinako indarkeria maila izan. Horrez gain, ordena publikoaren kontrako delitua ere baztertu du, Puigdemontek erreferenduma sustatu zuelako, baina ez zelako "indarkeriaren lider espirituala" izan, epaileen esanetan.

 

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna