Donostiako 66. Zinemaldia

Koldo Almandozen 'Oreina', Zuzendari Berriak sailean

Zinemagile donostiarraren bigarren film luzea da. Argentina, Danimarka, Espainia, Japonia, Kosovo, Mexiko, Errumania, Errusia, Suitza eta Vietnamgo beste hamabi zinemagileren lanekin lehian izango da. Oraindik sail horretako beste "pare bat" film geratzen dira iragartzeko.

Koldo Almandoz zinemagilea, joan den otsailean ateratako argazki batean.
Koldo Almandoz zinemagilea, joan den otsailean ateratako argazki batean. Gorka Rubio / Foku

Ainhoa Sarasola -

2018ko uztailak 12

Film laburren eta dokumentalen arloan ibilbide luzea egina du Koldo Almandozek (Donostia, 1973). Sipo Phantasma izan zuen lehen lan luzea, Rotterdamgo zinema jaialdian estreinatu, eta 2016. urtean Donostiako Zinemaldiko Zabaltegi-Tabakalera sailean erakutsi zuena. Orain, haren bigarren film luzea, Oreina, hautatu du jaialdiak, Zuzendari Berriak saileko lehiarako. Sail berean aurkeztuko dituzten beste hamabi filmen izenak jakinarazi dituzte Zinemaldiko arduradunek, Europa, Asia eta Latinoamerikako zinemagileek ondutakoak, baina zehaztu dute beste "pare bat" gehiago geratzen direla oraindik iragartzeko. Kutxabank-Zuzendari Berriak sariagatik lehian izango dira guztiak; nazioarteko epaimahai batek erabakiko du nork jasoko dituen sariaren 50.000 euroak.

Almandozen lanaz gain, Argentina, Danimarka, Espainia, Japonia, Kosovo, Mexiko, Errumania, Errusia, Suitza eta Vietnamgo hamabi sortzaileren lehen edo bigarren filmak erakutsiko dituzte sail horretan. Bederatzi opera prima daude hautatutakoen artean, eta lau bigarren film. Tartean dira, besteak beste, Elias Leon Siminiani espainiarraren Apuntes para una película de atracos; Natalia Mestxaninova errusiarraren Serdtse Mira / Core of The World; Hiroshi Okuyama japoniarraren Boku wa Iesu-sama ga kirai / Jesus; eta Ines Maria Barrionuevo argentinarraren Julia y el zorro filmak.

Zuzendari Berriak sailaren helburua talentu berriak bilatzea eta ezagutzera ematea dela gogorarazi du Jose Luis Rebordinos jaialdiko zuzendariak, Gerardo Cangas Kutxabankeko ordezkariarekin batera eginiko agerraldian. Aurtengo filmek jorratzen dituzten gaiei dagokienez, aniztasun handia dagoela nabarmendu du.

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna