'Brexit'-a

Mayk 'brexit' leunerako liburu zuria aurkeztu du

Proposamen "praktikoa" dela esan du Londresek, baina Brusela eta irteera gogorraren zaleak aseko ez dituen hainbat puntu ditu.

Theresa May, Londresen, herenegun.
Theresa May, Londresen, herenegun. SEAN DEMPSEY / EFE

Jon Fernandez -

2018ko uztailak 12

Joan den astean Erresuma Batuko gobernu krisia sortu zuen Liburu Zuria aurkeztu du Theresa Mayren gobernuak gaur, eta brexit leunaren aldeko Mayren apustua berretsi du. Datorren urteko martxoaren 29an ofizialki EB Europako Batasunetik kanpo geratuko da herrialdea, eta oraindik zehazteko dago nolakoa izango den bi aldeen arteko merkataritza eta ekonomia harremana egun horretatik aurrera. Mayk bere proposamena aurkeztu du gaur, baina ez dute begi onez hartu ez bere alderdiko adar brexit zaleenak, ez Bruselak.

Funtsean, Mayk "ondasunen merkataritzako eremu aske bat" sortu nahi du EBko 27 herrialdeen eta Erresuma Batuaren artean, eta horretarako prest dago ondasunen arloan EBren araudi bera izateko. Hau da, aduana elkarte bat proposatu dio Bruselari: "Aduana eremu konbinatu bat".

Proposamenak "talkarik gabeko merkataritza" ahalbidetuko du, Dominic Raab brexit-a negoziatzeko Erresuma Batuko ministro berriaren arabera, eta, era berean, ez litzateke muga fisikorik jartzeko beharrik egongo Irlanda Iparraldean. Azken hori ezinbesteko baldintza da Bruselarentzat.

Alabaina, pertsonen mugimendu askerik ez du onartuko Mayk: pertsonen joan-etorriak Erresuma Batuko Gobernuak kontrolatu eta arautu nahi ditu bere mugetan. Hori bai, salbuespen jakin batzuk txertatu ditu liburu zurian: EBko herritarrak herrialdean sartzeko arazorik ez dute izango, turismoagatik edo aldi baterako lanagatik baldin bada, ikasketak egitera baldin badoaz, edo enpresetara lanera doazen "talentu handiko" langileak badira.

Horrek talka eragingo du Bruselarekin, EBk behin eta berriz esan baitio ezinezkoa dela ondasunen eta zerbitzuen joan-etorri askea izatea eta ez pertsonena. Izan ere, EBko merkatu bakarra lau askatasunetan oinarritzen da: ondasunak, kapitalak, zerbitzuak eta pertsonak nahierara mugitzeko aukera dago blokearen barruan. Bruselak ez du salbuespenik onartu nahi: lau printzipioak, edo bat ere ez.

Edonola ere, Michel Barnier Europako Batasuneko brexit-erako negoziazio buruak Twitterren esan du aztertuko dutela Mayren liburu zuria, eta gogoz dagoela datorren astean brexit-ari buruzko negoziazioei berriz ere heltzeko. Frantziako lehen ministro Edouard Philippek, aldiz, iragarri du "txarrena" oraindik posible dela: Erresuma Batuak EB uztea itunik lortu gabe.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna