Futbola

Mikel Merino fitxatu du Realak

2023ra arteko kontratua sinatu du 23 urteko erdilariak

Mikel Merino eta Jokin Aperribai Realeko presidentea.
Mikel Merino eta Jokin Aperribai Realeko presidentea. Reala

Imanol Magro Eizmendi -

2018ko uztailak 12

Azkenean baieztatu du Realak: Mikel Merinok 2023ra arteko kontratua sinatu du Realarekin. Jakina zen albistea, baina taldearen adierazpen ofiziala falta zen, eta ostiralean hasiko da taldekide berriekin entrenatzen. Realak ez du jakinarazi zenbateko etete klausula ordaindu zuen, baina Ingalaterrako hedabideek zabaldu dutenez, Newcastle hango taldetik dator Merino, 10-12 milioi euro artean ordaindu du. Hilabeteko luzeko negoziazioa izan da Merinorena, baina azkenean Realak lortu du helburua. Lehen Mailako beste talde batzuk saiatu ziren jokalaria fitxatzen.

23 urteko erdilari iruindarra Osasunako harrobian zaildu zen, baina 2016-17 denboraldian Borussia Dortmundek fitxatu zuen 3,7 miloi euroren truke. Osasuna Lehen Mailara igo zen sasoia izan zen, eta Merinok denboraldi harrigarria egin zuen Bigarren Mailan. Alemanian ez zuen askorik jokatu, eta iragan sasoiaren hasieran Newcastlera joan zen utzita. Taldeak denboraldia hasi eta berehala erosi zituen haren eskubideak zazpi milioiren truke. Newcastlen 25 partida jokatu zituen.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna