Osakidetza

Sistema gardena eskatu dute Osakidetzeko azterketan iruzurra salatu zuten medikuek

Maria Jesus Mujika, osakidetzako zuzendariak, egindako adierazpenak ez ditu iruzurra azaleratu zuten medikuak asebete.

Hainbat lagun osakidetzak lan eskaintza publikorako azterketak egiten. MARISOL RAMIREZ, FOKU
Ainhoa Larretxea Agirre.
2018ko uztailaren 12a
17:39
Entzun

Atzo jakinazazi zuen Osakidetzak lan eskaintza publikoko (LEP) hiru espezialitateko hautaprobak berriz egingo dituztela. Ekaina hasieran hasi zen auzia, sindikatuek Osakidetzako azterketetan iruzurra egon zela salatu zutenean. Maria Jesus Mujika, osakidetzako zuzendari nagusia, atzo atera zen prentsaurrera eta azterketetan ez zela filtraziorik izan adierazi zuen. Azterketetan eta zuzentze metodoetan "akatsak" egon direla onartu zuen, ordea. Marta Macho izan zen irregulartasunak salatu zituen medikuetako bat eta Mujikaren adierazpenek ez dute asebete. Sinistezina egiten zaio akatsa zuzenketan egotea: "Ezinezkoa da LEP osoan iruzurrak egotea eta erantzulerik ez azaltzea. Arazoa zuzenketan dago? Benetan?" galdetu du medikuak.    

Azterketak filtratu zirenaren zantzu "argiak" daudela adierazi du Machok: "Azterketen filtrazioa gauza jakina da, mundu guztiak daki, egoiletza hasten duzunetik erraten dizute". Gaineratu du jendeak ez duela salatzen "barneratuta" duen zerbait delako. Azterketak zuzentzeko prozesu "gardena" eskatu du Osakidetzako medikuak. Hiru azterketak errepikatzea aurrerapausoa den arren sistema bera dela aldatu behar dena gaineratu du: " Azterketa sistema gardena eskatzen dugu, oraingo sistema guztia zalantzan dago eta honek ezin du horrela jarraitu".

Aztertzeko metodoa eta tribunalak zein diren jakin arte mesfidati azaldu da medikua: "Ez badute iruzurra berriz ez gertatzeko neurririk hartzen azterketa berriko emaitzak ere ez dira fidagarriak izango". Proba berriak egiterakoan, familia medikuko espezialitatea erreferentziatzat hartzea eskatu dio Osakidetzari, kasu honetan ez delako "irregulartasun" kasurik atzeman. 

Maria Jesus Mujika, osakidetzako zuzendari nagusiak atzo prentsaurrean azaldu zuenez, kardiologia, anestesia eta angiologia espezialitateko azterketa batzuk dira berriz egingo dituztenak. Kirurgia plastikoa eta konpontzailea kategoria ere susmopean zegoen, baina, egindako azterketen emaitzak onartu eta prozedurarekin aurrera jarraitzea erabaki dute. ESK-k eta LABek iruzurra salatu dute beste hainbat probatan ere.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.