Politika

Foro Sozialaren ekimenez, Euskal Herriko bakearen alde agertuko da Kataluniako Legebiltzarra

Foro Sozialeko kideek bilerak egin dituzte Kataluniako hainbat alderdi eta sindikaturekin, eta ondorioztatu dute Kataluniako Parlamentuko "gehiengo zabal batek" babesa emango liokeela Euskal Herriko bakearen aldeko ekimen bati.

Toda, Hernan eta Torrent, gaurko bileran.
Toda, Hernan eta Torrent, gaurko bileran. Foro Sozial

Berria -

2018ko uztailak 12

Roger Torrent Kataluniako Legebiltzarreko presidentearekin elkartu dira gaur Agus Hernan eta Teresa Toda Foro Sozialeko kideak. Bilera sorta baten bukaera izan da, aurretik Junts per Catalunya, PSC, CUP, ERC, Catalunya En Comun Podem, CUP, CCOO eta UGTko kideekin elkartu baitira. Bartzelonako Udalak ekainaren bukaeran onartutako Euskal Herriko bakearen aldeko adierazpena legebiltzarrera eramateko aukeraz hitz egin dute haiekin. Foroak gaur kaleratu duen oharrean ez du esaten adierazpen hori bera onartuko dutenik, baina bai, legebiltzarraren gehiengoa Euskal Herriko bakearen alde azalduko dela.

Foro Soziala lanean ari da "akordio politiko, sozial eta sindikal zabala" lortzeko presoen auziari "konponbide orekatua" eman eta biktimek egia, justizia eta erreparaziorako duten eskubideari erantzun nahian, badakielako "sektore batzuk espetxe politikaren aldaketa oztopatzen" saiatuko direla.

Horri aurre egiteko, ahaleginean ari dira "sektore demokraten artean" konplizitateak eraikitzeko eta "konponbidearen aldeko iritzi korrontea sortzeko Estatu espainarrean". Horregatik, Foro Sozialak jakinarazi du asmoa duela Katalunian egindako lana beste lekuetara ere zabaltzeko .

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna