Errefuxiatuak

Mugak Zabalduz karabana Italiara abiatu da, "politika xenofoboak" salatzeko

Gorka Berasategi Otamendi.
2018ko uztailaren 13a
07:12
Entzun

Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak Espainiako beste 100 eragilerekin baino gehiagorekin batera parte hartuko du Mugak Zabalduz karabanan. Hirugarren urtez jarraian egingo dute errefuxiatuen egoera salatzeko bidaia, eta, aurten, Italia dute helmuga. Bilbotik eta Gasteiztik hainbat autobus irten dira gaur goizean, Italia aldera, Europak errefuxiatuen auziari erantzuteko ezarri dituen politikak gaitzesteko. Uztailaren 22ra bitartean, hainbat gune bisitatuko dituzte.

Euskal Herritik irten diren autobusak Saltera (Girona, Herrialde Katalanak) joango dira lehenik. Han elkartuko dira Espainiako Estatuan antolatu diren beste autobus batzuekin, eta Italiarako bidea hartuko dute. Sizilian emango dituzte karabanako egun gehienak, baina, hara iritsi aurretik, Ventimiglian egingo dute geldialdia. Errefuxiatuek Frantzia eta Italia arteko hiri horretan jasaten duten "errepresioa" salatuko dute.

Sizilian, berriz, Europako Batasuneko asilo eskatzaileentzako zentrorik handienera joko dute. Horrez gain, Sigonellako base militarrera joango dira. Ong Etorri Errefuxiatuak plataformak azaldu duenez, base horretatik irteten dira Ekialde Hurbilean eta Afrikan bonbardaketak egiteko AEBek erabiltzen dituzten dronetako batzuk. Frontex Europaren mugaldeko poliziaren egoitza nagusian ere protesta egingo du ekimenak. Catanian dago kokatuta.

2016an, Grezian izan zen karabana. EBren eta Turkiaren arteko lotsaren ituna salatu zuen orduan, eta joan-etorri segurua zein harrera duina aldarrikatu Siriako gerratik ihesi joandakoentzat. 2017an, Melillan (Espainia), Europara heldu bezain lasterreko itzulketak, kontzertinadun hesiak eta Atzerritarrak Barneratzeko Zentroak salatu zituen, baita emakumeek jasaten duten indarkeria, mugen arteko langileen lan esplotazioa eta Europak Marokorekin hitzartutako muga akordioak ere.

Mugak Zabalduz-ek ohartarazi du Europako Batasunaren politika ekonomikoak daudela errefuxiatu eta iheslarien fluxuen oinarrian. Politika horiek beren jatorrizko herrialdeen pobretzea eragiten dutela eta ezegonkortasun politikoa sortzen dutela adierazi dute.

Ekimenak salatu du Europako Batasuna giza eskubideak sistematikoki urratzen ari dela, eta errefuxiatuei ezarri dizkien neurriak gaitzetsi ditu. Horien artean aipatu ditu giza eskubideak errespetatzen ez dituezten herrialdeekin sinatu dituen itzulera akordioak. Plataformak gogorarazi du Europa ez dela iheslari eta errefuxiatuen helmuga nagusia, eta haietako gehienek beren eskualdean bilatzen dutela babesa. Horrez gain, batasunari leporatu dio errefuxiatuak herrialde kideetan banatzeko hartu dituen konpromisoak ez betetzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.