Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak ikerketa abiatu du 'Ahotsa.info'-ren aurka, terrorismoa goratzea egotzita
Euskal Preso Politikoen Kolektiboko kideak (EPPK) "preso politiko" izendatzeagatik hasi dira ikertzen.

Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak terrorismoa goratzea egotzi dio Ahotsa.info hedabideari, 2018ko urtarrilaren 5ean eta 13an argitaratutako bi albisterengatik. Albiste haietan, "euskal preso politiko" deitu zien hedabideak EPPK-ko kideei. Ahotsa.info-ko kide bat deklaratzera deitu dute gaur goizean Espainiako Poliziak Iruñean duen egoitzara. Deklaratzeari uko egin, eta aske utzi dute eguerdirako. Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzaren esku geratu da orain auzia.
Ahotsa.info-k salatu du ez dela jasan duten lehen "erasoa", eta adierazi du aurrera jarraituko dutela. Era berean, gogorarazi nahi izan du euskal prentsak urteetan zehar mehatxu eta etengabeko erasoak jasan dituela.