Euskara

Frantziaren "jokaera kolonialista" salatu du Ikastolen Elkarteak

Seaskako ikastolei "eraso" egitea leporatu diote Frantziako Gobernuari. Elkarretaratzea egin dute Frantziak Bilbon duen kontsulatuaren parean. Kasu! Ikastola kexu! leloarekin, dozenaka lagun elkartu dira Iparraldeko ikastolen elkarteari babesa adierazteko eta Frantziako Gobernuaren jarrera gaitzesteko.

Seaskak eta Ikastolen elkarteak deituta, gaur, Frantziako Kontsulatuaren parean egin duten elkarretaratzea. LUIS JAUREGIALTZO, FOKU
2018ko uztailaren 14a
15:42
Entzun

"Denbora asko da gobernu frantses batek ikastolen aurkako eraso hain zuzenak egiten ez zituela", adierazi du Hur Gorostiaga Seaskako zuzendariak. Nabarmendu duenez, "eraso" horiek Seaska indartzen ari den garaian ari da bultzatzen Frantziako Gobernua. Parisek Seaskaren gorakada geldiarazi nahi duela ziurtatu du Koldo Tellituk, Ikastolen Elkarteko lehendakariak.

"Gaur da eguna Macron presidentearen Hezkuntza Ministerioak hurrengo ikasturterako ikastolek behar duten 25 irakasle postuak ukatzen dizkiela. Bestalde, 14 urteko ikasleak zigortu ditu brebetaren zientzietako azterketa euskaraz egiteagatik", azaldu dute. Frantziako Gobernuak "jarrera kolonialista" hartu du, elkarteko arduradunen esanetan, eta frantsesa "asimilazio hizkuntza" bihutu du, "euskaraz bizi nahi dutenen kontra". Euskararen alde egiteko, ikastolak babestearen beharra nabarmendu dute Gorostiagak eta Tellituk. Horrez gain, gobernuari egotzi diote elkarrizketari uko egitea.

Deitzaileen esanetan, ikastolen ereduak kalitatezko hezkuntza eskaintzen du, "euskara eta kultura ardatz hartuta". "Ikasle euskaldunak nahi ditugu, eleaniztunak eta buruaskeak. Orain ikusten dugu, horrez gain, euskararen aldeko militanteak direla, eta prest daudela beren titulu akademikoak jokoan jartzeko, euskaraz bizitzearren".

Seaskako 179 ikaslek brebetaren Zientzia azterketa euskaraz egin zuten, Bordeleko Akademia Errektoretzak halakorik ez zuela onartuko ohartarazi arren.

Uztailaren hasieran, azterketak erretiratu zituen errektoretzak, eta horiek ez zuzentzeko agindu zuen, euskaraz zeudelako. Seaskak erabakia salatu zuen eta Bordelen mobilizatu zen neurriaren kontra. Hainbat ikasle, guraso eta irakaslek elkarretaratzea egin zuten errektoretzaren aurrean, eta haietako bi kateatu egin ziren.

Errektoretzak ikasleak zigortu zituen zientzietako azterketan, nota apalekin. Hala ere, Seaskako ikasle guztiek lortu dute brebeta gainditzea.

Ikastolen Elkarteak protesta gehiago iragarri ditu. Uztailaren 28an, Frantziako Tourreko erlojupekoa Euskal Herrian egingo dela aprobetxatu nahi dute; eta iraileko ikasturte berria ere mobilizazioekin hasiko dute.

 

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.