Euskal presoak

Madrilek ez du "denbora asko" pasatzen utziko lehen hurbiltzeetarako, Anduezaren esanetan

Gipuzkoako PSE-EEko idazkari nagusiak argitu du ezin duela zehaztu presoen hurbiltzeari buruzko eperik. Adierazi duenez, gaixotasun larriak dituzten presoak izango dira gerturatzen lehenak. Rakel Garcia eta Luis Moreno deserritik bueltatu dira, 26 urteren ondoren.

Eneko Andueza PE-EEren Gipuzkoako idazkari nagusia. Artxiboko irudia. JON URBE, FOKU
2018ko uztailaren 17a
07:12
Entzun

Eneko Anduezak euskal presoen hubiltzea izan du hizpide Onda Vasca irratian egin dioten elkarrizketan. PSE-EEren Gipuzkoako buruak azaldu duenez, Espainiako Gobernua hasita dago espetxe politika moldatzeko neurriak aztertzen. "Uste dut azterkerta bat egin dela lekualdatu ahalko liratekeen lehen presoak zein diren argitzeko".

Anduezak gaineratu du gaixotaun larriak dituzten presoek izango dutela lehentasuna, eta horiek hurbiltzeko PSOEren konpromisoa irmoa dela ziurtatu du. "Ez dut uste denbora asko pasatuko denik hurbiltzeak gauzatzeko; ez dakit zenbat denbora izan daitekeen, ez bainago gai horien kudeaketan, baina gure konpromisoa ez da hitzezkoa soilik".

Bestalde, ETAren desagertzearekin batera Euskal Herrian ireki den "garai politiko berrian" elkarbizitza "sendo" baterako oinarriak jartzeko "aukera" sortu dela nabarmendu du Anduezak. PSOEk hala ulertzen duela ziurtatu du, eta ildo horretan kokatu du espetxe politika aldatzeko erabakia. "Preso horien gizarteratzeak, eragindako minaren aitortzak eta Eusko Legebiltzarraren lantaldean garatzen ari diren politikek etorkizunean elkarbizitza sendo bat izatea ahalbidetuko digute".

Pedro Sanchez Espainiako presiidenteak euskal presoak gerturatzeko egin asmo duen lehen urratsa iragarri zuen ekainaren 27an: gaixo daudenak eta 70 urtetik gora dituztenak hurbilduko dituela lehenik. Aurreratu zuen preso bakoitzaren kasua "banan-banan" aztertuko zuela gobernuak, espetxeetako tratamendu batzordeek haiei buruz egingo dituzten txostenen bidez.

Euskal presoekin lanean aritzen diren mediku eta abokatuek, berriz, Espainiako Gobernuari galdegin diote "berehala libre uzteko" gaixo larri diren presoak, 70 urte baino zaharragoak eta zigorraren hiru laurden beteta dituztenak. Salatu dutenez, ehun euskal preso inguruk kalean beharko lukete, Sanchezen gobernuak Espainiako legedia beteko balu.

Bestetik, Etxeratek jakinarazi du 26 urtean deserrian egon ondoren Rakel Garcia eta Luis Moreno (Sopela, Bizkaia) etxera itzuli zirela atzo arratsaldean. 1992an egin zuen ihes Garciak eta Morenok, Belgikara. Biek 1993an Bruselan prentsaurreko batean adierazi zuten "Guardia Zibilari beldur" ziotelako joan zirela erbestera. Espainiako Estatuak haien estradizioa eskatu izan du, ETAren Bizkaia komandoaren laguntzaile izatea leporatuta. Kalera Kalera dinamikak joan den astean, Orion (Gipuzkoa), euskal iheslarien eta deportatuen itzulerarako neurriak ahalbidetzeko eskatu zion Espainiako Estatuari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.