Aralako pistak

Aralarko pisten auzia artxibatzeko saiakera salatu du Naturkonek

Elkarte ekologista eta naturisten plataformak jakinarazi duenez, Gipuzkoako Aldundiak auzia artxibatzeko eskaria aurkeztu du, eta eskari horri helegitea aurkeztu dio Naturkonek. Aldundiari leporatu dio bere "ardura penalen larritasuna ezkutatzen" saiatzea.

Enirioko bordetarako pista, Aralarren. /
Enirioko bordetarako pista, Aralarren. / Andoni Canellada/Foku

Gorka Berasategi Otamendi -

2018ko uztailak 18

Tolosako epaitegian (Gipuzkoa) Gipuzkoako Foru Aldundiko bi arduradun ari da ikertzen, lurralde antolamenduaren kontrako delituak leporatuta. Mendietako zuzendari Arantxa Ariztimuño eta Gipuzkoako Ingurumen zuzendari ohi Felix Asensio dira ikertuak. Enirio-Aralarko Mankomunitateak sustatuta, Aralarko Parke Naturalean Goroskintxuraino eraikitako pistarengatik salatu zituzten Landarlan eta Eguzki talde ekologistek. Bi elkarte horiek ohar bidez adierazi dutenez, Gipuzkoako aldundiak epaitegiari eskatu dio ikertzen ari den txosten penala artxibatzeko.

Gipuzkoako aldundia "legez kanpoko obra horretan duen ardura penalaren larritasuna ezkutatzen" saiatzen ari dela ohartarazi dute Eguzkik eta Landarlanek, "habitat naturalen eta mehatxatutako hainbat espezieen gainean ingurumen eragin larria sortu ondoren". Elkarteen esanetan, ardura agerian gelditu da aldundiaren ardura, eta, orain, auziak izan dezakeen ohiartzun soziala eragotzi nahian ari da foru gobernua. "Ertzaintzak egindako txosten teknikoak argigarriak izan dira: Ingurumen inpaktu handia eragin dute Goroskintxu eremuan egindako legez kanpoko pistek; hain zuzen, Kontserbazio Bereziko Eremu (KBE) eta Natura 2000 Sarean babestuta dagoen Aralarko Parke Naturalean".

Eguzkik eta Landarlanek helegitea jarri diote Gipuzkoako aldundiak txosten penala artxibatzeko aurkeztu duen eskariari. Naturkon plataforman biltzen diren erakunde ekologistek eta naturalistek ziurtatu dute lanean jarraituko dutela "justizia indarrean egon dadin".

Aralarko pisten auzia Europako Batasuneko erakudeetara eraman zuen Ahal Dugu-k, maiatzean. Xabier Benito europarlamentariak galdera aurkeztu zion Europako Batzordeari, proiektuaren ingurumen eraginari buruzko txostenak Europak eskatzen dituen baldintzak betetzen dituen ala ez argitu dezan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna