Euskarabentura

Tolosan igaroko du eguna Euskarabenturak

Sormen lanak garatzeko baliatuko du eguna espedizioak. Bihar, BERRIAren egoitza ikusteko aukera izango dute gazteek.

Esuakrabentura espedizioko kideak Tolosan./
Esuakrabentura espedizioko kideak Tolosan./ Euskarabentura

Ainhoa Larretxea Agirre -

2018ko uztailak 18

Tolosara iritsi zen atzo Euskarabentura espedizioa, eta gaurko eguna bertan igaroko du. Espedizoko kideek, Tolosa ezagutzeaz gain, Auritzen hasi zituzten sormen lanekin jarraitzeko aukera izango dute. Inprobisazioa, eszenografia, koreografia, ahozko adierazpena eta hitza lantzen ari dira sormen lan horietan. Lanak garatzen laguntzeko, bertan izango dituzte Mattin Zeberio, Huts Teatroa, Miren Amuriza, Kattalin eta Peter Ansorena, Ximun Fusch eta Myriam Perez sortzaileak. Gaur, gainera, Gipuzkoan euskarak duen egoera soziolinguistikoaren berri jasoko dute Kike Amonarrizen eskutik. Olatz Silva BERRIAko kazetaria espedizioan da, eta zuzenean kontatzen ari da bere blogean.

Atzo iritsi zen Euskarabentura Tolosara, Zeraindik. Zeraindik bertarako bidean, lehenengo Aizpeako meategietatik igaro ziren espediziokideak. Ormaiztegira joan ziren gero, eta bertan Zumalakarregi museoa bisitatzeko aukera izan zuten. Askok, gainera, museoari esker deskubritu zuten txapelaren erabilera karlistaldietan hedatu zela. Museoa bisitatu ostean, Tolosara trenez joan ziren, eta, bertan, Tolosako alkate Olatz Peonek egin zien harrera.

Harrera beroa jasotzen ari da Euskarabentura igarotzen ari den herrietan. Zerainen, erraterako, bertako herritarrek afari ederra prestatu zieten espedizioko kideei. Trukean, Euskarabenturako gazteek umore onez eta musikaz bete zuten herria.

Tolosatik Hernanirako bidea egingo du bihar espedizioak. Bidean, Andoaingo Martin Ugalde kultur parketik igaroko dira, eta BERRIA barrutik ezagutzeko aukera izango dute gazteek.