Artea

Eloy de la Iglesiaren lana biltzen duen erakusketa aurkeztu dute Artegunean

Zarautzen jaiotako zinemagilea omendu dute, eta 200 argazkitan jaso dituzte hark zuzendutako 22 filmak eta antzerki eta telebistarako egin zituen lanak. Gaurtik azaroaren 4ra arte egongo da ikusgai.

Erakusketarako Baptiste Pauthek egindako grafitia.
Erakusketarako Baptiste Pauthek egindako grafitia. Juan Carlos Ruiz / Foku

Andoni Imaz -

2018ko uztailak 19

Zinema kinkiarekin lotu ohi da Eloy de la Iglesiaren izena (Zarautz, 1944 - Madril, 2006), estilo horren bueltan egin baitzituen bere lanik ezagunenak, baina ia 40 urteko ibilbidean askoratiko gaien inguruan aritu zen: moldatu zituen ipuin klasikoak, sortu zituen beldurrezko istorioak eta erakutsi zuen Frankismoaren ondorengo bazterreko gizartearen errealitatea. Zuzendari polemikoa izan zen, eta zentsurarekin behin baino gehiagotan egin zuen topo bere ibilbidean, Franco hil aurretik zein ondoren.

Gaur bertan zabalduko dute Eloy de la Iglesia. Desira objektu iluna izeneko erakusketa Donostiako Kutxa Kultur Artegunean, Tabakaleran, eta bertan errepasoa egiten die 60ko hamarkadatik 2003ra arte sortu zituen ikus-entzunezkoei, filmazioetan jasotako argazkiekin, batez ere. Pedro Usabiaga argazkilaria da erakusketaren komisarioa, eta De la Iglesiaren lanen arteko ibilbide kronologiko bat prestatu du, proiektu bakoitzaren azalpenarekin.

Hil zentik 12 urte igaro dira dagoeneko, eta lehen aldiz bildu dute bere lan osoa erakusketa batean. "Zinemaren eta bizitzaren militantea" zen Usabiagarentzat, eta zinema egiteko modu apurtzaile eta probokatzaile bat eskaini zuen. Ezagunak dira orduko gizarteak baztertutako kolektiboen inguruan egin zituen lanak, konplexurik gabe eta ausardia handiarekin. La criatura (1977), Navajeros (1980) edo El pico (1983) garai ilunetako kronikak dira, konpromiso irmoarekin eginak, baina umorerik galdu gabe.

Zinemagilearen lanari beste begirada batzuk gehitu dizkiote erakusketan, "ikuspegi berri eta gazteagoak emateko asmoz". Baptiste Pauthe artista plastikoak grafiti bat egin du, Itziar Orbegozo eta Tamara Garcia errealizadoreek bideo bat prestatu dute, Quentin Valois artistak bost collage egin ditu eta Jorge Fuembuena argazkilariak Quinqui Stars (Juan Vicente Cordoba, 2018) filmean jasotako irudiak jarri ditu ikusgai.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna