Euskal presoak

Abiatu da Orain Presoak dinamikaren bizikleta martxa, Mont-de-Marsandik

Sarek eta Bagoaz-ek antolatu dute martxa, euskal presoak Euskal Herriko espetxeetara hurbil ditzatela eskatzeko. Mont-de-Marsan espetxetik (Okzitania) abiatu dira goizean, eta Zaballakora (Iruña Oka, Araba) iritsiko dira astelehenean. Javier Abaunza preso gernikarra Lannemezanera gerturatu du Frantziak; 20.a.

Orain Presoak dinamikaren bizikleta martxako parte hartzaileak, gaur, Mont de Marsan espetxearen parean, bideari ekin aurretik.
Orain Presoak dinamikaren bizikleta martxako parte hartzaileak, gaur, Mont de Marsan espetxearen parean, bideari ekin aurretik. Sare

Gorka Berasategi Otamendi -

2018ko uztailak 20

Berrogei txirrindulari inguru irten dira Mont-de-Marsandik, Baionarako bidean. Lapurdiko hiriburuan amaituko dute gaurko etapa. 17:00ak inguruan iristea espero dute, eta Baionako Gaztetxean afalduko dute.

Ibilbideari ekin aurretik, Bagoaz-eko eta Sareko ordezkariek adierazpenak egin dituzte Mont-de-Marsango espetxearen parean. Gizarteak euskal presoen urruntzea amaitzeko egindako ahaleginari balioa aitortu diote. "Azken urte eta hilabeteetako dinamikak ekarri dute gaur egun hainbat euskal preso hurbilduak izatea Frantziako Estatuan, bai Mont de Marsan presondegian, bai Lannemezan presondegian".

Horrez gain, Frantziako Justizia Ministerioaren eta Euskal Herriko ordezkaritza baten arteko "elkarlan gunea" sortzea lortu dela gogorarazi dute.

Hala ere, nabarmendu dute euskal preso guztiak Euskal Herrira hurbiltzeko helburuak bete gabe jarraitzen duela. Gaur egun, 24 dira Mont-de-Marsanen eta Lannemezanen dauden euskal presoak. Urruntzea amaitzeko eskatzeaz gain, larri gaixo dauden presoak aske uzteko ere eskatu dute.

Sareko ordezkarien esanetan, Ipar Euskal Herriko gizarte zibilaren aktibazioa eredugarria da, eta antzeko eragina lortu nahi dute Hegoaldean ere. Espainiako Gobernuari galdegin diote Frantziakoaren bidetik jarraitzeko, eta presoak hurbiltzeko neurriak har ditzala lehenbailehen.

Orain Presoak dinamikako kide Arantza Aldezabalek eta Zesar Martinezek BERRIAri aste honetan eskaini dioten elkarrizketan argitu dute dinamika ez dela eskatzen ari legediak jasotzen ez duen ezer.

Hain zuzen, legediari jarraituko diola ziurtatuz, espetxe politika moldatzeko borondatea agertu du Pedro Sanchez Espainiako presidenteak, eta adierazi du gaixo dauden presoak eta 70 urtetik gora dituztenak hurbilduko dituela. Presoekin lan egiten duten mediku eta abokatuek neurriak berehala hartzera deitu dute Madril. Haien esanetan, Espainiak ehun preso inguru utzi beharko lituzke "berehala aske", legedia betez gero.

Beste euskal preso bat hurbildu du Frantziak: 20.a

Frantziako Gobernuko Justizia Ministerioak Javier Abaunza euskal presoa (Gernika-Lumo, Bizkaia) gerturatu du, Etxerat elkarteak jakinarazi duenez: Moulins-Yzeuretik Lannemezango espetxera. Joan den otsailetik egindako 20. gerturatzea da; tramitazioan dira beste batzuk.

Mont-de-Marsanera hamahiru: Zigor Garro, Julen Mendizabal (aske da), Josu Urbieta, Raul Aduna, Jon Salaberria (aske da), Ekaitz Sirvent, Asier Borrero, Luis Iruretagoiena, Asier Ezeiza, Jurdan Martitegi, Aitzol Etxaburu, Igor Suberbiola eta Ibon Goieaskoetxea.
Lannemezanera zazpi: Jon Gurutze Maiza, Alberto Ilundain, Arkaitz Agirregabiria, Iurgi Garitagoitia, Asier Oiartzabal, Asier Bengoa eta Javier Abaunza.

Jada, Frantzian dauden 50 euskal presoetatik 24 bi kartzela horietan dira —lehendik lau zeuden—. Beste 26etatik guztiak ezin dira, oraingoz, kartzela haietara bidali: emakumeen modulurik ez dago —11 emakume preso daude—, eta lau preso epaiketaren zain daude.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna