Espainia

Pablo Casado aukeratu dute PPko presidente

3.000 militantek baino gehiagok parte hartu dute Alderdi Popularraren barne bozetan. Mariano Rajoy presidente ohiak uko egin dio bi hautagaien artean aukeratzeari, eta ez du bozkatu.

Pablo Casado, PPren kongresuan. /
Pablo Casado, PPren kongresuan. / Juan Carlos Hidalgo/EFE

Arantxa Elizegi Egilegor -

2018ko uztailak 21

Lehen emaitzen arabera, 451 botoren aldearekin bereganatu du Pablo Casadok alderdiko buruzagitza, eta presidentetzatik at geratu da Soraya Saenz de Santamaria. PP "bizitzaren eta familiaren alderdia" dela aldarrikatu du Casadok bozen emaitzak jakin aurretik egindako agerraldian, eta iragarri du "batasunaren alde" lanean jarraituko duela.

Santamaria, berriz, kritiko agertu da lehiakidearen jarrerarekiko, eta, lehen itzulian babes handiena jaso duen hautagai izanik, presidentetzari uko egin eta bere zerrendan sartzeko eskatu dio Casadori: "Hala egingo nukeen nik, egoera aurkakoa izan balitz". Ordea, lehen itzulian lortutako hiru puntuko abantaila ez du nahikoa izan Espainiako Gobernuko presidente izandakoak, eta ezta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako popularrek emandako babesa ere.

Eskuina helburu

"Viva España" oihukatuz amaitu du Casadok "bizitzaren eta familiaren" alde egin duen hitzaldia. Bidean, PPren eta estatuaren batasunaren aldeko defentsa egin du, eta baita gogoratu ere iraganean alderdia "handi" egin zuten haien izenak: Jose Maria Aznar eta Manuel Fraga, kasurako.

Lehendik zalantzarik geratzen ez bazen ere, PPko buruzagi berriak berretsi egin du alderdia are gehiago eskuinerantz eramateko asmoa. Besteak beste, "ETAren aurkako" borroka defendatu du, eta iragarri Rajoy bera bezain sendo arituko dela "Kataluniako mugimendu subiranistaren aurka".

Hala, berarekin batera izango dira alderdiko zuzendaritzan Javier Maroto eta Andrea Levvy idazkariordeak, eta Dolors Montserrat, Juan Ignacio Zoido, Rafael Catala eta Isabel Garcia Tejerina ministro ohiak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna