Txirrindularitza

Omar Frailek irabazi du Mendeko etapa

Eguneko ihesaldia helmugara eraman eta bere ibilbideko garaipenik handiena lortu du. Mikel Landak minutu erdi galdu du.

Omar Fraile, helmuga igarotzeko unean. /
Omar Fraile, helmuga igarotzeko unean. / Yoan Valat/EFE

Imanol Magro Eizmendi -

2018ko uztailak 21

Etapa ehiztaria da Omar Fraile (Astana). Ehiztari petoa, eta Tourrean bere ibilbideko piezarik handiena harrapatu du. Santurtziarra eguneko ihesaldi handian sartu da, 33 lagunekoan, eta bera mugitu da hobekien azken kilometroetan. Mendeko helmugan sei segundoren aldea lortu du Julian Alaphilippe (Quick Step) eta Jasper Stuyvenekiko (Trek). Pozik egon daitezke bere jarraitzaileak.

"Azken igoera ondo baino hobeto ezagutzen nuen, baina uste baino luzeeagoa egin zait. Nire ibilbideko lorpenik handiena da". Azken igoera hori Croix Neve zen, hiru kilometro luze eta batez besteko %10eko pendizdun mendatea. Igoera horretan egon da Fraileren garaipenaren gakoa; izan ere, han harrapatu du Jesper Stuyven (Trek). Stuyven ere ihesaldiko kidea zen, baina helmugatik 35 kilometrora erasoa jo du. Minutu eta erdiren aldearekin ekin dio igoerari, baina ezin izan dio aldeari eutsi. Thomas De Gendt eta Fraile izan dira igoeran haren bila irten diren lehenbizikoak, eta Julian Alaphilippe gero. De Gendt berehala gelditu da, eta Frailek bakarka jarraitu du.

Tontorrera igo aurretik harrapatu du iheslaria, eta sei segundoren aldea zuen. Helmugarako kilometro eta erdiko jaitsiera falta zen, eta ondo mantendu du errenta. Bi urte ziren euskal herritar batek ez zuela etaparik irabazten Tourrean. Ion Izagirre izan zen azkena, Morzinen.

Tropelak baimena eman die iheslariei, eta 18 minutura helmugaratu da. Faboritoen artean egon da zalaparta Croix Neven, eta Mikel Landa izan da kaltetuetan. Primoz Roglic izan da indartsuena, eta zazpi segundoren aldea atera die Chris Froome, Tom Dumoulin eta Geraint Thomasi, 22 Nairo Quintana eta Romain Bardeti, eta 37 Mikel Landari. Beraz, Landak minutu erdi galdu du sailkapeneko lehen hirurekiko.

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna