Ustelkeria

Fiskaltzak Alonsotegiko hirugarren alkate ohi bat salatu du, ustelkeriagatik

Jose Luis Erezuma Alonsotegiko (Bizkaia) EAJren alkate ohia ikertzeko agindua eman du Barakaldoko 4. Instrukzio Epaitegiak; ustez, Bizkaiko Foru Aldunditik jaso zuen 600.000 euroko diru laguntza enpresa bati bideratzeagatik, egin ez zituen lanen truke. Alonsotegiko EAJko beste bi alkate ohi auzipetu dituzte, iruzur egitea egotzita.

Alonsotegiko herritarrek ustelkeriaren aurka egindako protesta, 2016ko otsailean. /
Alonsotegiko herritarrek ustelkeriaren aurka egindako protesta, 2016ko otsailean. / Jabier Etxebarria

Gorka Berasategi Otamendi -

2018ko uztailak 23

Bizkaiko Fiskaltzak iruzurra, diru publikoaren erabilera bidegabea, prebarikazioa eta dokumentu ofizialen faltsutzea leporatzen dizkio alkate ohiari eta beste bost pertsonari. Fiskatzaren esanetan, akusatuak ados jarri ziren Alonsotegiko Udalak Bizkaiko aldunditik jaso zuen 600.000 euroko diru laguntza enpresa bati emateko, egin ez zituen lanen ordainetan. Fakturetan jasotzen diren konponketak ez dira existitzen, fiskaltzaren salaketaren arabera.

Fiskaltzak maiatzean jo zuen Barakaldoko epaitegira, eta atzo jakin zen epaitegiak ikerketa abiatzeko agindua eman duela. Larunbatean, berriz, Alonsotegiko beste bi alkate ohi ustelkeriagatik auzipetu dituztela egin zen publiko. EAJko bi alkate ohi eta beste bost pertsona auzipetu ditu Barakaldoko epaitegiak, EH Bilduk aurkeztutako salaketa baten ondorioz. Diru publikoa oker erabiltzea, iruzur egitea eta kargua beren intereserako erabiltzea egozten diete.

2014an koalizio abertzaleak Alonsotegi Eraikiz elkartearen kudeaketaren inguruan aurkeztutako salaketa baten ondotik erabaki du epaileak defentsak kasua artxibatzeko egindako eskaera atzera botatzea.

Elkartea 2003an sortu zuten, Alonsotegin bertan, eta 2011n desegin, 4,1 milioi euroko zorra utziz. Zor hori udalak hartu zuen bere gain, ikuskatzaileen txostenak halakorik aholkatzen ez bazuen ere.

Herri Kontuen Euskal Epaitegiak irregulartasunak aurkitu zituen Alonsotegi Eraikiz udal sozietatean.

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna