Kuba

Kubak 'komunismo' hitza kendu eta jabetza pribatua onartu du konstituzio proposamenean

Sexu berekoen ezkontza ahalbidetuko du erreformak. Hiru hilabetez, kubatarrek konstituziorako proposamenak bidali ahalko dituzte.

Kubako parlamentua artxiboko irudi batean.
Kubako parlamentua artxiboko irudi batean. Alejandro Ernesto

Ainhoa Larretxea Agirre -

2018ko uztailak 23

Bi egunetako eztabaidaren ondoren, Kubako Parlamentuak bukatu du konstituzioaren erreformaren inguruko lehen eztabaida. Komunismoaren inguruko erreferentzia oro kentzea izango da konstituzioaren erreformak ekarriko duen aldaketarik nabarmenena. Lehen aldiz jabetza pribatuaren onartzea ere ekarriko du erreforma berriak. Presidentetza bortz urteko bi legegintzalditara mugatuko du erreformak, eta ministroen lana koordinatzeko lehen ministro kargua sortuko dute. Ezkontzaren definizioa ere aldatuko du erreforma berriak: atea irekiko die sexu berekoen arteko ezkontzari.

Eztabaidan bukatu ondoren, aipatu erreformak konstituzioan txertatu eta, orain, abuztuak 13tik azaroaren 15era, Kubako biztanleek aldaketak proposatzeko epea izango dute herri galdeketa bidez. Konstituzioa erreformatzeko batzordeak herritarrek aurkeztutako proposamenak aztertuko ditu eta Parlamentuak berriro ere onartu beharko du egindako aldaketekin. Kubatarrek onartu beharko dute konstituzio berria erreferendum bidez.

Konstituzioaren erreformak segida eman nahi dio Raul Castro presidente ohiak (2008-2018) hasitako bideari. Raul Castro bera izan zen apirilean konstituzioaren aldaketaren berri eman zuena, eta bera izan da lehen aldaketa hauek idatzi dituen komisioko burua.

1976koa da Kuban egun dagoen konstituzioa eta egin duten erreformarekin denetara 113 artikulu moldatu dituzte, 87 artikulu berri sortu eta 11 kendu.