Politika

Polizia gehiegikerien legeari jarri zion helegitea erretiratuko du Madrilek

PPren aurreko gobernuak eraman zuen legea Auzitegi Konstituzionalera, eta neurria indargabetuko du orain PSOEk. Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak bilera egin zuten, atzo, aldebiko batzorde teknikoan. Zenbait eskumenen transferentziak gauzatzeko bilera egingo dute irailean.

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramailea, gobernu bilera osteko agerraldian, artxiboko irudi batean. /
Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramailea, gobernu bilera osteko agerraldian, artxiboko irudi batean. / Jose Ramon Gomez/EFE

Gorka Berasategi Otamendi -

2018ko uztailak 24

Eusko Legebiltzarraren polizia gehiegikerien legea osorik izango da indarrean, Espainiako Gobernuak haren kontra aurkeztua zuen helegitea erretiratuta. Madrilek helegitea bertan behera uztea erabaki du, atzo, Espainiako Gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko bitariko batzordean hala adostuta.

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak zehaztu duenez, Pedro Sanchezen gobernuak udako oporraldiaren aurretik iragarriko du polizia gehiegikerien legearen kontrako helegitea erretiratu duela. Neurri horren truke, Jaurlaritzak zenbait moldaketa egingo ditu legean; Erkorekaren esanetan, legeak Espainiako Botere Judizialen eskuduntzetan esku har ez dezan eta ez dadin "errurik egotz".

Jaurlaritzako bozeramaileak nabarmendu du bi gobernuen arteko akordioarekin legearen "edukia eta eraginkortasuna" babestu direla, polizia gehiegikerien biktimak aitortza eta ordaina jaso ahal izan dezaten. Akordioak legearen "segurtasun juridikoa" indartuko duela adierazi du, eta "ohorerako eskubidea, errugabetasun printzipioa eta datuen babesa" bermatuko dituela.

Legearen erreforma Eusko Legebiltzarrean bozkatu beharko da. Erkorekak uste du moldaketak nahikoa babes izango duela, taldeek horretarako borondatea dutela iritzita.

Eusko Legebiltzarrak 2016ko uztailaren 28an onartu zuen Polizia gehiegikerien legea, EAJren eta PSE-EEren aldeko botoekin. EH Bildu abstenitu egin zen, eta kontra bozkatu zuten PPk eta UPDk. Legearen helburua da 1976 eta 1999 artean "motibazio politikoko indarkeria egoeran" gertaturiko giza urraketak aitortzea eta urraketa horien biktimei ordaina ematea. Biktimen iritziz, "urrats txikia" izan zen legea. Ohartarazi zuten biktimen "zati bat" bakarrik hartuko zuela aintzat.

Mariano Rajoyren gobernuak 2016ko urrian jarri zion helegitea legeari, Espainiako Auzitegi Konstituzionalean. Legeak Botere Judizialaren esparruan esku hartzen zuela salatu zuen. Nagusiki, legeak aurreikusten zuen Balorazio Batzordea jarri zuen jopuntuan. Balorazio Batzordeari delitu gertaerak ikertzeko ahalmena aitortzen dio legeak, eta hori epaitegien eskumen esklusiboa dela ohartarazi zuen Espainiako Gobernuak. Jaurlaritzak erantzun zuen Balorazio Batzordearen ebazpenek balio administratibo hutsa dutela, eta, beraz, ez duela Justiziaren eskuduntzetan esku hartzen. Joan den uztailaren 10ean egin zuen lehen bilera batzorde horrek.

Aurrekontuak eta eskumenak

Polizia gehigikerien legearen kontrako helegitea erretiratzeaz gain, Madrilek adostu du ez helegiterik jartzea Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuei. PPren aurreko gobernuak iragarria zuen Auzitegi Konstituzionalean salatuko zituela aurrekontu horiek. Era horretan, aurrekontuetan jasota dagoen administrazioko langileentzako soldata igoera gauzatu ahalko du Jaurlaritzak.

Betalde, Gernikako Estatutuan jasota dauden eskumenen transferentziaz hitz egiteko batzordea deitzea ere adostu zuten Espainiako eta EAEko gobernuek. Batzordea irailean bilduko da. Mahai gainean izango dute Bizkaiko bi tren linien transferentzia adostua: Alonsotegi eta Barakaldo artekoa eta Bilbo eta Basauri artekoa. A-68 eta AP1-1 autobideetako enpresa emakidunekin ere elkarrizketak abiatuko dituzte adostu ziren bi tarteen transferentziarako. Pasaiko portuaren deskatalogazioa ere aztertuko dute.

Erkorekak iragarri du Espainiako Lurralde eta Funtzio Publikoko Ministro Meritxell Batetekin biltzekoa dela, Espainiako Gobernuarekin lortutako akordio horien xehetasunak lotzeko.

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna