Ilargi eklipsea

Mundu bat ilargiari begira

 

Eivas (Portugal)

Ainhoa Larretxea Agirre -

2018ko uztailak 27

Euskal Herriko leku askotan ezin izan da ikusi mendeko eklipserik luzeena, lainoek hala estali baitute zerua. Baina munduan barrena leku askotan atera dizkiote argazkiak mendeko gertakizun astronomiko berezienetako bati. Ikusi argazki galeria.

Eguzkiaren eta ilargiaren artean kokatu da Lurra gaur 21:30ean, eta horrek XXI. mendeko ilargi eklipserik luzeena sortu du; 103 minutu iraun ditu, eta ilargia gorrituta ikusi ahal izan dute zeruak argi eduki dituzten lekuetan. 21:30ean hasi, eta 23:13an bukatu da.

Ilargi eklipse osoa gertatzen da ilargia Eguzkiaren eta Lurraren plano berean kokatzen denean. Lurrak espazioan proiektatzen duen itzal zatia zeharkatzen du ilargiak, eta eklipsatu egiten da. Ez da, ordea, ikustezin bihurtzen, ilargiak kolore gorria hartzen baitu. Eguzkiaren izpiak Lurraren atmosferara iristean, desbideratu, eta ilargira iristen dira, kolore gorria emanez.

Txangoak ilargia ikusteko

Euskal Herrian hainbat elkartek antolatu dituzte txangoak azken ehun urteetako eklipserik luzeena ikusteko. Aranzadi zientzia elkarteak, Donostiako Udalarekin elkarlanean, eklipsea hobeto ikusteko teleskopioak jarri ditu Urgullen. Lerinen (Nafarroa), astroturismo jaialdiaren barruan, izarrak ikusteko txangoa antolatu dute.

Ekialde Hurbilean eta Asia erdialdean ikusi da eklipsea ondoen. Australian eklipsearen hasiera ikusi da batez ere, eta Hego Amerikan, bukaera. Sky Live astronomia telebista espezializatuak Namibiatik egin du eklipsearen zuzeneko erretransmisioa, streaming bidez.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna