Hazkundea

BPGa %0,6 handitu da urteko bigarren hiruhilekoan

Urte arteko tasan %2,8 hazi da Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ekonomia, Pedro Azpiazu Jaurlaritzako Ogasun sailburuak jakinarazi duenez.

Pedro Azpiazu Jaurlaritzako Ogasun sailburua.
Pedro Azpiazu Jaurlaritzako Ogasun sailburua. MONIKA DEL VALLE FOKU

Xabier Martin -

2018ko uztailak 27

Ekonomiak ongi eutsi dio azken urteko hazkunde erritmoari 2018. urteko bigarren hiruhilekoan ere. %0,6 hazi da BPG barne produktu gordina apiriletik ekainera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta urte arteko tasa %2,8koa izan da, Eustaten datuen arabera. Enpleguak ere gora jarraitu du, eta azken urtean %2,1eko hobekuntza izan du; aurreko hiruhilekoan baino hamarren bat apalagoa da hori. Ekonomiaren hazkundea zertxobait apaldu da; izan ere, aurreneko hiruhilekoak %3,1eko urte arteko tasa jaso baitzuen, lehen hiru hilabete horietan BPGa %0,8 hazi ondoren.

Edonola ere, Eusko Jaurlaritzako Ogasun sailburu Pedro Azpiazu gustura azaldu da ekonomiaren martxarekin, eta aurreratu du 2018. urtea %2,8ko hazkundearekin bukatzea espero duela Lakuak, ekainean egindako aurreikuspena betez. Aurreikuspen horiek diote 2018. urtean 17.800 enplegu sortuko direla Jaurlaritzaren eskumeneko hiru lurraldeetan.

Baina ekonomiak abiadura galtzera doa datozen bi urteetan. Azpiazuk iragarri du 2019. urterako %2,3ko hazkundea espero duela gobernuak, eta 2020. urterako %2koa baizik ez. Enpleguan ere islatuko litzateke hazkunde txikiagoko egoera hori. 2019an %1,4ko hobekuntza legoke lan merkatuan, eta 2020rako %1ekoa baino ez. "Jaurlaritzak 2020. urterako langabezia %10era jaisteko helburua erraza zela eman dezake orain, baina 2020. urterako %9,6ko langabezia egotea da gure aurreikuspena. Ez zen helburu erraza, gertatu dena da 2017. eta 2018. urteetan ekonomiaren hazkunde handiak azkarrago eraman gaituela helburura; baina datozen urteetan Euskadiren potentzialaren araberako hazkundeak izango ditugu, %2 ingurukoak, eta horrek langabezia tasa %9,6an uztea espero dugu".

Lur hartzea badator

Inguruneko ekonomiak ere lur hartzen hasiko direlako adierazle argiak daudela esplikatu du Azpiazuk, eta Espainiako Bankuari erreparatu dio. %2,4 eta %2,1eko hazkundeak aurreikusi du hark Espainiarentzat 2019. eta 2020. urteetan. "Hazkude apalagoa dator, argi eta garbi", ohartarazi du. Baina Jaurlaritzak bere aurrekontuak egiteko arazorik ez duela izango ere garbi utzi du. Esplikatu du 2017. urtean 729 milioi euroko aparteko efektua izan zuela kupoaren gaurkotzeak, baina hura kontuan hartu gabe, urtea defizit txiki batekin bukatu zuela, %0,1eko defizitarekin. 2018. urtean, berriz, kontuetan "oreka" egongo dela esan du. "2020. urterako zen helburua bi urte lehenago lortuko dugu".

Defizitaren helburua hamarren batzuk lasaitzeko Espainiako Gobernuak eta Bruselak egindako akordioaz galdetzean, Azpiazu sailburuak azkar erantzun du Jaurlaritzak kontuen orekari eusteko helburua duela, eta ikusteko dagoela azkenean hamarren horiek lasaitzea onartuko dute ala ez. Izan ere, PSOEren gobernuak ez du batere erraza beste talde politikoen laguntza parlamentarioa lortzea Bruselarekin egindako akordioa gauzatzeko. PPk Senatuan duen gehiengoari izkin egin behar dio lehen-lehenik, eta gaur-gaurkoz oso zaila ematen du Pedro Sanchezek Parlamentuan indar politiko nahiko lortzea gai horretan Senatuaren gaitasunari eragingo liokeen legea aldatzen hasteko.

Edonola ere, Azpiazuk uste du "ona dela" zorpetzeko aukera izatea, baina Jaurlaritzak ez duela horretarako inolako asmoarik aditzera emanez. 2018. urtean superabit txiki bat espero du, izan ere; eta datozen urteetan ere, Gasteizko gobernuak oreka horri eusteko lan egingo duela esan du. Oporretara joan aurretik, " exekutiboaren ateak zabalik" jarraitzen duela esan die Legebiltzarreko beste talde politikoei, "baita oporretan ere", akordioak lortzeko ekinbiderik balego.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna