Kontu publikoak

PSOE aliaturik gabe geratu da defizit mugak igotzeko

Bruselaren baimena zuen defizitaren aurtengo muga %2,2tik %2,7ra igotzeko, baina ez du Espainiako Gorteena lortuko.

Iker Aranburu.
2018ko uztailaren 27a
13:17
Entzun

Proposamenak aurrera egiteko aukera gutxi zuen, 2012an PPk egindako aldaketa baten ondoren, Senatuaren baiezkoa ere beharrezkoa delako kontu publikoen egonkortasunari buruzko kontuetan. Ganbera horretan gehiengo osoa du PPk, eta jada iragarria zuen Pablo Casado alderdi eskuindarreko buruak ez zuela defizit muga handitzea onartuko.

Baina Senatura iritsi gabe ere, Kongresuan hartu du danbatekoa gobernu sozialistak. PP boteretik botatzeko lagundu zioten hiru talde nagusiek (Unidos Podemos, ERC eta PDeCAT) iragarri dute ez dutela aldeko botorik emango. 

PSOEren gobernuaren ahultasunaren zeharkako kalteak ordainduko dituzte Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta beste gobernu autonomikoek, ez baitute baimena izango 2019an ehunka milioi gehiago gastatzeko. Izan ere, PPren gobernuek ohi zutena baino eskuzabalago jokatzea erabaki zuen Pedro Sanchezenak, eta defizit gehigarria gastu sozialaren zama daramatenen esku utzi nahi zuen 2019. urtean: bi hamarren gehiagoko defizita autonomiek (%0,1etik %0,3ra, ia 2.500 milioi) eta Gizarte Segurantzak. Horrek esan nahi zuen Jaurlaritzak ia beste 150 milioi gastatu ahal izango zituela, eta 40 milioi inguru Nafarroakoak. Diru hori defizit gehigarria izango litzatekenez, zorraren bitartez ordaindu beharko litzateke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.