Pentsioak

EAEko langile oro BGAEetan egoteko plan bat lantzen ari da Jaurlaritza

Josu Erkoreka bozeramaileak aurreratu du pentsioen sistema publikoa "osatzeko" plan bat lantzen ari dela Lakua aspaldian.

Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramaila.
Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramaila. JOSE RAMÓN GOMEZ / EFE

Xabier Martin -

2018ko uztailak 27

Bizkaiko ahaldun nagusi Unai Rementeriak lehena sartu nahi izan zuen helmugan, atzo. Bizkaiko langile guztiak egongo liratekeen BGAE borondatezko gizarte aurreikuspeneko erakunde bat sortzea nahi zuela esan zuen, pentsio publikoak "ordezkatu ez, baina osatuko" zituela horrek, eta eragile askoren parte hartzea eta akordioa beharko lukeela aurrera ateratzeko; aldundia bera prest dago bere ekarpena egiteko.

Bada, "hori ez da ideia berria", Josu Erkoreak gaur Radio Euskadin esan duenez: "Jaurlaritza aspaldian dabil lanean pentsio publikoak osatzeko, langile gehien-gehienen parte hartzearen bidez BGAE-etan". Administrazio publikoak aukera horren aldeko hautua egina duela ere gogoratu du; Itzarri da Jaurlaritzaren langile publikoen BGAEa. "Proposamen hori EAEko langile guztiei zabaltzea litzateke kontua", esplikatu du Erkorekak.

Esan beharrik ez dago: eragile askoren akordio konplexua eskatuko luke horrelako plan batek. Enpresena eta sindikatuena, hasteko. Negoziazio kolektiboaren bidez landu beharreko elementu bat litzateke, agian, eta langileen ekarpena, enpresarena eta administrazioek egin lezaketena zehaztu beharko litzateke. Erkorekak uste du foru aldundiek abantaila fiskalekin lagundu dezaketela, langileak BGAE batean egon daitezen.

Diru sarrerak bermatzea erretiroan

"Inork ez du zalantzan jartzen sistema hori ona dela aurrezteko"; horregatik, Lakua lanean dabil enpresariekin, sindikatuekin eta martxan dauden borondatezko gizarte aurreikuspeneko erakundeen arduradunekin, "martxan jartzeko langileen pentsio publikoa osatuko lukeen sistema". BGAE horren bidez, diru sarrerak bermatuko lituzkete erretiroa hartzean, Erkorekak dioenez.

Pedro Azpiazuk gaur bertan onartu du horrelako plan batek "akordio izugarria" beharko lukeela eragileen artean. Aurreikus daiteke pentsio publikoen sistemaren aurkako ekimen baten gisa ikus dezaketela hainbat eragilek, eta interesgarria litzateke jakitea ideia hori plazaratu aurretik zenbateraino landu den eragileekin. Horrek eman dezakeelako aztarna jakiteko euskal langile guztiak BGAE-etan egoteko plan batek benetako aukerak ote dituen aurrera ateratzeko.

ELA: "Propaganda da"

Unai Rementeria ahaldun nagusiari erantzuna eman dio gaur ELA sindikatuak: "Propanga da". Adolfo Muñoz idazkari nagusi duen sindikatuak ukatu egin du sindikatuari ezer galdetu diotenik gaiari buruz. "Benetan jardun nahi baldin badu, neurriak eragiten digun erakundeon ikuspuntua ezagutu beharko luke", esan du ohar batean ELAk.

Ordezkaritza handieneko sindikatuaren arabera, pentsio publikoak "lehentasuna" dira; "enplguak eta soldatak duinak balira, pentsioek ez lukete arazorik. ELAk dio "baldintza miserableak" dituzten langileen lehentasuna ez dela BGAE batean egotea "gero ezezagun bat edukitzeko". "Hil bukaerara iritsi nahi dute, lehen-lehenik". Rementeria ahaldun nagusiari esan dio "errenta altuei zergak kentzeko eragile nagusia" dela, eta hori ez dela bidea prestazio sozialak bermatzeko.

ELAk uste du, izan ere,  BGAEen eztabaida ez dela egin behar "kezko hesi baten moduan, alderdiek beren ardurei aurre ez egiteko". Erabaki batzuk hartu dituztela dio, eta haiek ondorio batzuk ekarri dituztela.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna