Donostiako Aste Nagusia

Donostiako Aste Nagusia: "errespetuz eta poztasunez" ospatzeko deia

Egitarau ofiziala aurkeztu du, gaur, Donostiako Udalak. "Pertsona eta auzo guztiek lekua izango duten" jai batzuen alde egin dute udaleko ordezkariek.

Gozategik kontzertua eskaini zuen iaz Donostiako Aste Nagusian, Saguesen. GORKA RUBIO / FOKU
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2018ko uztailaren 27a
13:48
Entzun

Abuztuaren 11n hasiko da Donostiako Aste Nagusia, kanoikadarekin. Sonakay musika taldeak abestuko du Artillero, Asoleus eta Helduak elkarteetako ordezkariekin batera. "Aurtengo Aste Nagusiak musika, arte eszenikoak, dantza, zinema, su festa, tailerrak eta kirola bilduko ditu", esan du Alfonso Gurpegi Donostiako Udaleko festa jardueretako zinegotziak. Jai hauetan festak auzo guztietan lekua izatea nahi dutenez, 30 gunetan banatuko dira aste osoan eskainiko diren 482 ekitaldiak. Bi gune berri izango dira: Altza eta Intxaurrondo auzoak.

Udalaren egitarau zabal horren barnean, aipatzekoa da Jaime Caballero igerilariak 25 orduz jarraian igeri egingo duela, alboko esklerosi amiotrofikoa pairatzen dutenen alde. Sagueseko kontzertuak jada aurkeztuak zituzten: Amaia Montero, Zea Mays, Dvicio, Iseo & Dodosound with the Mousehunters, Alvaro Soler, Vendetta, Marky Ramone eta Jarabe de Palo. Su festak ere izango dira, eta Aste Nagusiaren azken egunean ohikoa den bezala, abuztuaren 18an Nordic Beats ikuskizun piromusikala eskainiko dute lehiaz kanpo.

Egitarau "oso zabala" aurkeztu du Donostiako Udalak, eta "pertsona guztientzako lekua" izango den jai batzuk nahi dituzte. Auzo guztietan, adin guztietako jendearentzat, "eskaintza handia" dago. "Jai hauek errespetuz eta poztasunez ospatzeko aukera denok izan behar dugu", esan du Eneko Goia Donostiako alkateak. Horregatik, argi utzi nahi izan du Aste Nagusian, eta urte osoan zehar, eraso sexistak "soberan" daudela. Alkateak herritarrei deia egin die: "Donostiar guztiok batera aurre egin behar diogu indarkeria matxistari".

Donostiako Piratek oraindik ez dute egitarau osoaren berri eman, baina iragarri dituzte dagoeneko Flamenkan izango diren kontzertuak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.