Albistea entzun

Garbiñe Etxeberria

"Lehen, jokalariek gauza gehiago bizi izaten genituen elkarrekin"

Baloiari ostikoka hasi zen, artean neskatoa zela, eta, bulegoko lanetan, baina baloiari segika jarraitzen du oraindik ere. 2014an gorpuztu zen Realaren emakumezkoen taldearen proiektua, eta, hasieratik, Etxeberria izan da oinarrietako bat.

Realeko kirol zuzendaria da Etxeberria. /
Realeko kirol zuzendaria da Etxeberria. / Jon Urbe/Foku

Unai Zubeldia -

2018ko uztailak 30

Etxetik jaso zuen kirolarekiko pasioa; Donostiako Santo Tomas lizeoak lehenengo, eta Oiartzunek gero, sartu zioten futbolaren harra barru-barruraino; eta Realak eman dio aukera futbolaren profesionalizazioa bertatik bertara ezagutzeko. Tarte batez irakasle lanak alboratuta, Realeko kirol zuzendari lanetan dabil Garbiñe Etxeberria (Hernani, 1967). Gaur egun Espainiako Lehen Mailan gipuzkoarrekin soilik lehiatzea “ezinezkoa” dela azpimarratu du.

Bizitzak ba al dauka zentzurik baloirik gabe?

Baloirik gabe, ez dakit; baina kirolik gabe, ez. Telebistan, irratian… egunerokotasunean asko betetzen nau kirolak, eta ez futbolak bakarrik; eskubaloiak, atletismoak, txirrindularitzak, arraunak, saskibaloiak… Gaur egun, puri-purian daukagu, gainera, emakumezkoen kirola. Ezer gutxi egiten dut, nahiz eta neure burua zaintzen saiatzen naizen, baina asko gustatzen zait ikustea.

Etxetik al datorkizu kirolarekiko maitasun hori?

Bai… Sei anai-arreba gara, eta bosgarrena naiz ni. Kirola egindakoak dira gehienak, baina ez elite mailan; afizioz. Gurasoek, ordea, beti eduki izan dute kirolarekiko gertutasun hori; amak, batez ere. Mendian asko ibilitakoak dira, futbola jarraitzen du, pilota ere bai, erremontea… Aitak ere badu zaletasuna, baina amak betidanik izan du lotura berezia kirolarekin.

Gogoan al dauzkazu baloiari emandako lehen ostikoak?

Kaleko oroitzapenak dauzkat; anaia txikiarekin ibiltzen nintzen, lehengusuekin… Umetan, amonaren baserrira joaten ginen beti, eta baloia tartean izaten genuen gehienean. Zuhaitzekin eta metekin-eta ateak egin, eta hantxe ibiltzen ginen.

Donostiako Santo Tomas lizeoan egin zenituen ikasketak. Zer zinen, matematikako klaseetan jolastokira begira egoten zen horietakoa?

[Barrez] Bai, bai. Jolastokira begira ez dakit, baina orduari begira egoten nintzen beti. Guretzat zoragarria izaten zen eguerdiko tartea. Luzeegia dela eta ekintza osagarriak egin behar direla esaten dute orain, baina gu korrika joaten ginen bazkaltzera, ahalik eta azkarren bukatu eta jolasteko. Futbolean, zibekin, txapekin, dolarrean destornilladore bat belarretara edo lokatzetara botatzen…

Beste garai batzuk ziren haiek, baina zein pauso eman zenituen futbolean goi mailara bidean?

Hondartzako futbolerako taldea osatu genuen 13-14 urte geneuzkanean. Lehiaketa bat antolatzen zuten Donostiako Aste Nagusian, eta areto futbolarekin uztartzen genuen guk. Belar hockeyan eta boleibolean jokatzen zuten gehienek Santo Tomas lizeoan, baina futbolerako taldetxo polit bat osatu genuen guk. Ana Ruiz zen atezaina; tamalez, istripuz hil zen gero. Oso ona zen; bera izan zen Gipuzkoatik Espainiako selekziora joan zen lehen atezaina. Egun batean, Oiartzungo entrenatzailea azaldu zen hondartzan, Ana fitxatzeko helburuarekin, eta haren atzetik joan ginen beste lau taldekide. Ez dakit aukera eskaini ziguten ere, baina apuntatu egin ginen gu, lotsa gutxirekin. Gerora, hogei urte egin nituen Oiartzunen; jokalari, entrenatzaile, umeen eta nagusien arduradun… Oso oroitzapen onak dauzkat.

Zer izan zen Oiartzun?

Selekzioak ziren orduko taldeak. Guregan sinistu zuten entrenatzaileek eta zuzendaritzako kideek, eta asko eman genuen guk ere. Belaunaldi ona egokitu zen; gauza politak bizi izan genituen.

Oiartzungo atzerritarrak hasi omen zineten Adidas eta markako arropak eramaten…

[Barrez] Zenbat aldiz deitu ote ziguten kapitaleko pijoak. Ni ez nintzen kapitalekoa, ikasi egiten nuen han, baina hirikoek bazeukaten markako arropak janzteko ohitura, bai; hiriburutik herrira joan ziren haiek. Baina nire etxean ez zegoen halakorik; anaiengandik jasotakoa izango zen nirea.

Whatsappa sutan ibiltzen omen duzue oraindik ere…

Bai, bai. Las vacas de Karla izena du taldeak [Karlaren behiak]. Karla Lekuona zen gure entrenatzailea, eta gure gorputzak ez ziren gaur egungoak; sendoak ginen. Norbaitek hala deitu zigun, ordea, egun batean, eta izen hori jarri genion taldeari. Gauza asko eman dizkit futbolak, lagun talde ona tartean.

Oraindik gordeta al daukazu orduko zamarra zuri hura?

Zenbat aipamen izan dituen zamarra zuri hark ere! Hotzez egoten nintzen beti, eta anaiaren batena izango zen zamarra hura ere; parean egokituko zitzaidan. Baina nahikoa adar jotze izaten zuten harekin ere. Momentu hartan ez nion garrantzirik ematen inguruak esaten zuenari, baina orain pentsatzen hasiz gero… Barre egiten genuen, baina…

Taldearen jokoa koordinatzea izaten zen zure lana jokalari garaian, eta hala jarraitzen duzu orain ere, bulegoko lanean.

Jokoan beti gustatzen zitzaidan ikusten ez den azken pase hori ematea; asko gozatzen nuen lerro arteko pase horiekin. Baina bulegoko lanean kosta egiten zait agintzea. Betidanik entzutekoa izan naiz gehiago, eta denborarekin ikasi dut hori.

Bueltan-bueltan, 2004an gorpuztu zen askoren ametsa: Realak emakumezkoen taldea sortzea. Nola bizi izan zenuen momentu hura?

Hainbat fase izan zituen prozesuak. 2000, 2001 eta 2002 inguruan plan estrategikoa egiten hasi zen Gipuzkoako futbola, eta hor sartu zen emakumezkoen futbola ere. Ikusten genuen zerbait bazetorrela, eta gaur egun Reala den horretara gerturatzen hasi ginen pixkanaka. Lidergoa hartzeko eskatu zitzaion Realari, baina zalantzak izan ziren, bere izaerari eutsi nahi ziolako klub bakoitzak: Oiartzunek, Añorgak, Eibarrek, Zarautzek… Proiektua gorpuztuta, ordea, denon onerako izan zela uste dut.

Irakurri elkarrizketa osoa Gipuzkoako Hitza-n.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©BERRIA

«Golden zirkuituan hirugarren amaitzea amesten dut»

Unai Ugartemendia

Bi urte bakarrik daramatza mendi lasterketak korritzen Alonsok, baina onenen mailan lehiatzen ari da. Sinetsi ezinda dago asteburuan Mont Blanceko maratoia irabazi ostean.
 ©BERRIA

Aldaketari zentzua

Julen Etxeberria

Gaur hasiko da Italiako Giroa. Euskal ziklista bakarra ariko da: Eukene Larrarte tolosarra. Lehen aldia du: «Hau nahi nuen Bizkaia-Durangora etorri nintzenean, eta lortu dut».
Maialen Garcia partida batean, Espainiako selekzioarekin. ©RFEH

Onenen artean onenak

Iñigo Lasa

Bihar hasiko da belar hockeyko munduko txapelketa. Terrassan eta Amsterdamen jokatuko da. Maialen Garcia donostiarrak podiumera igo nahi du bigarren aldiz.
 ©MAIALEN ANDRES / FOKU

«Ideia bat ondo transmititzeko, sentitu egin behar da aurrena»

Iñaki Berastegi

Atzerrian entrenatzen jarraitzeko asmoa du oraindik San Josek. Eskaintza bat onartzeko, klubaren historiari begiratzen dio aurrena, eta taldearen analisi bat ere egiten du. Gero, taldeko zuzendaritzari aurkezten dio analisi hori.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.