Laguntzak

Jaurlaritzak urtebete luzatuko ditu bigarren haurrarengatik ematen dituen laguntzak

Haurrak bi urte betetzen dituenean, 900 eta 400 euro arteko laguntza jasoko dute familiek. Jaurlaritzaren aurreikuspenen arabera, 6.800 familiak jaso dezakete laguntza hori.

Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramailea eta Beatriz Artolazabal Gizarte Politikarako sailburua. /
Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramailea eta Beatriz Artolazabal Gizarte Politikarako sailburua. / Jose Ramon Gomez/EFE

Arantxa Elizegi Egilegor -

2018ko uztailak 31

Orain arte, bigarren haurra jaiotzen zenean, diru laguntza eskatzeko aukera zuen familiak. Haurra jaiotakoan eta urtea betetzen zuenean ematen zen laguntza hori. Aurrerantzean, ordea, bi urte betetzen dituenean ere jaso ahal izango da. Hala iragarri du Beatriz Artolazabal Lan eta Gizarte Politikarako sailburuak.

Laguntza horiek, 900 eta 400 euro artekoak izango dira, irabazien arabera, eta aurreikusten dute 6.800 familia inguruk eska ditzaketela. Horiek hala, Jaurlaritzak 5,5 milioi euro bideratuko ditu horretara. Laguntzen nondik norakoak ere zehaztu ditu Artolazabalek: 20.000 euroko edo hortik beherako errenta duten familiek 900 euroko laguntza jasoko dute; 20.000 eta 30.000 euro artean irabazten dutenek, 500; eta 30.000 euro baino gehiago irabazten dutenek, 400.

Laguntzek atzerako eragina izango dute, alegia, bigarren haurrak iaz urtebete egin eta gero laguntza jaso zutenek ere eskatu ahal izango dute aurten hirugarren ordainketa. Hau da, bigarren haurra 2016an edo geroago izan eta laguntzak jaso dituztenek eskatu ahalko dute aurten ere.

Araudiak beste berritasun bat ere jasoko du; izan ere, laguntzak eskatzeko orduan kontuan hartuko dira gurasoekin bizi diren 18 eta 25 urte arteko seme-alabak. "2011 eta 2015 artean ez zen  berritu familientzako laguntzak aurreikusten duen araudia. Orain egokituko dugu araudia kudeaketak egin diren aldaketetara".

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna