EAJren urteurrena

Ortuzar: "Madrildik bota nahi gaituzte"

123 urte bete dira Sabino Aranak EAJ sortu zuenetik, eta urteurren ekitaldian EBBko presidente Andoni Ortuzarrek ohartarazi du PPk eta Ciudadanosek "iruzurra" egin nahi dutela hauteskunde legea aldatuta.

Lore eskaintza Sabino Aranaren irudiaren aurrean.
Lore eskaintza Sabino Aranaren irudiaren aurrean.

Gotzon Hermosilla -

2018ko uztailak 31

Ortuzarrek esan duenez, EAJrentzat, "zazpiak bat" da berezko lurraldea, "esparru naturala", baina "euskal herritarren arazoak jorratuko diren leku guztietan" egoteko borondatea dute. Horregatik, kezkaz hartu dute Ciudadanos taldeko presidente Albert Riverak eta Pablo Casado PPkoak egindako proposamena, hauteskunde legea aldatzeko Euskal Herriko eta Kataluniako alderdi abertzaleek ordezkaritza murritzagoa izan dezaten. "Kontuz ibili behar dira", esan du Ortuzarrek. "Legea horren modu bihurrian aldatzen badute, Euskadin hainbat egongo dira pentsatuko dutenak Kongresuan ez gaituztela nahi eta ea zer egiten dugun estatu honetan".

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako estatus berriari buruzko eztabaida ere hizpide izan du Ortuzarrek. Esan duenez, PSE-EEk eta Ahal Dugu-k ez dute "eztabaidan sartu" nahi izan, "Madrileko haien alderdi nagusien zordun direlako, eta beldur direlako belarrietatik tira egingo ote dieten".

Hala ere, EBBko presidenteak esan du ez diotela "inori" aterik itxiko. "Hain gorabeheratsua ez den beste ibilbide bat egin nahi badute, esan dezaten zein bide nahiago duten. Eta Bildurekin batera saiatuko ginateke bide berri hori urratzen", esan du. Baina erantsi du horretarako "borondatea eta adorea" behar direla, eta horixe eskatu die PSE-EEri eta Ahal Dugu-ri.

Ekitaldi politikoaren aurretik, ohiko omenaldia eta lore eskaintza egin dute Sabino Aranaren oroitarriaren aurrean, Bilboko Albia lorategietan. Ekitaldian EAJren burukide eta hautetsi gehienak egon dira: Iñigo Urkullu lehendakaria, Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusia, Bilboko alkate Juan Maria Aburto, Aitor Esteban, Joseba Egibar, Itxaso Atutxa eta beste asko han izan dira. EAJren kide historikoek ere parte hartu dute, Jose Antonio Ardanzak eta Juan Maria Atutxak esaterako.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna