Finantzak

Irabaziak handitu ditu Laboral Kutxak

76 milioiko mozkina izan du urtearen lehen erdian, eta mailegu gehiago eman ditu.

Txomin Garcia Laboral Kutxako presidentea, bankuaren iazko Batzar Nagusian. /
Txomin Garcia Laboral Kutxako presidentea, bankuaren iazko Batzar Nagusian. / Laborak Kutxa

Iker Aranburu -

2018ko abuztuak 1

Interes tasa apalek baldintzatutako sei hilekoa izan da Laboral Kutxarentzat. Interesetan lortutako dirua %1,9 jaitsi da: 127 milioitik 124,7 milioira. Hala ere, irabaziak handitu ahal izan ditu, 72,6 milioitik 75,7 milioira (+%4,3). Hori hala izan da komisioetan bildutakoa %6,8 handitu delako eta, batez ere, kutxak diru gutxiago baztertu behar izan duelako horniduretarako eta mailegu ustelen saneamendurako: 30,1 milioi iaz, eta 13,5 milioi aurten.

Mondragon taldearen kreditu kooperatibak nabarmendu du maileguen eskaria handitzeko ari dela, eta eskari horri erantzuten ari dela. Horrela, %14 ugaldu ditu hipoteka maileguak, %11 enpresei emandakoak, eta %4,5, berriz, kontsumorako kredituak. Edonola ere, ohartarazi du orohar maileguen pisua jaitsi egin dela, amortizazioen erritmoa oraindik handiagoa delako mailegu berriena baino. Bezeroen emandako kreditu guztien bolumena %0,7 jaitsi da azken urtean, 13.372 milioira arte.

Behera doa berankortasun tasa (%5ean dago) eta gora, aldiz, kutxaren kaudimena: kalitatate goreneko kapital ratioa (CET1) %17,85era heldu da.

Urtea ongi doakie beste euskal bankuei ere. Kutxabankek %10,4 handitu du irabazia (187,8 milioi), eta Bankoak, berriz, %6 (4,7 milioi).

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna