Osakidetza

Osakidetzako hautaproben eredua aldatzeko eskatu du EH Bilduk, gardentasuna bermatzeko

Rebeka Ubera legebiltzarkideak salatu du Jaurlaritzak hautaketa eredu berari eta epaimahai berberei eutsiko diela. Osakidetzak EH Bilduri erantzun dio ez dagoela inolako arrazoirik epaimahaiak aldatzeko.

Rebeka Ubera EH Bliduko legebiltzarkidea, Eusko Legebiltzarrean. Artxiboko irudia. /
Rebeka Ubera EH Bliduko legebiltzarkidea, Eusko Legebiltzarrean. Artxiboko irudia. / Raul Bogajo/Foku

Gorka Berasategi Otamendi -

2018ko abuztuak 1

Osakidetzak Anestesia, Angiologia eta Kardiologia espezialitateetako bost hautaproba errepikatuko ditu. Hain zuzen ere, kardiologia kategoriako bigarren ariketa, anestesia kategoriako bi ariketak eta angiologia eta kirurgia baskularra kategoriako bi ariketak egingo dituzte berriro. Neurriak ez du, ordea, hautaketaren gardentasuna bermatuko, EH Bilduren iritziz. Rebeka Ubera legebiltzarkideak nabarmendu duenez, epaimahai berberekin egingo baitira eta ez baitu aldaketarik eragingo hautaketa ereduan.

"Epaimahaiak berberak badira, irregulartasunak posible egin zituen eredu bera ezartzen bada, ez bada ezer ere aldatzen, agerikoa da irregulartasunak berriz ere gertatzeko arriskua dagoela; Osakidetzak ez du bermatuko gauza bera ezin denik gertatu", adierazi du Uberak.

Legebiltzarkidearen esanetan, Eusko Jaurlaritzak azterketa horiek errepikatzeko adierazi duen "presak" ez du helburu Osakidetzan izan diren irregulartasunak eta egon daitezkeen ardurak argitzea. Aldiz, Jaurlaritzak auziaren muinari heldu gabe eztabaida itxi nahi duela adierazi du.

Osakidetzako LEPan atzemandako irregulartasunen jatorria hautaprobaren eredua dela uste du koalizioak. Uberaren hitzetan, "merituetan, ahalmenetan, objektibitatean eta aukera berdintasunean oinarritutako eredua" ezarri behar du Osakidetzak lehenbailehen. Horretarako, espezialitate bakoitzeko azterketa bakarra egitea proposatu du; proba teorikoa eta praktikoa. Azterketa Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak prestatuko luke, eta EHU arduratuko litzateke azterketa guztietan "irizpide eta zailtasun maila bera" eskatu dela bermatzeaz.

Jaurlaritzak zortzi espezialitatetako hautaprobak aztertzeko barne ikerketa abiatu du zortzi espezialitatetan. Iruzurra salatu duten sindikatuek arazoa zabalagoa dela ohartarazi dute. LAB eta ESK sindikatuek hemeretzi espezialitatetako hautaprobetako ustezko irregulartasunen informazioa helarazi diote fiskaltzari.

"Errespetua"

Osakidetzak ohar bidez erantzun dio EH Bilduri, eta defendatu du ez dagoela inolako arrazoirik epaimahaiak aldatzeko. Erakundearen esanetan, epaimahaiak izan dira "organo burujabe gisa" azterketak errepikatzea erabaki dutenak. Azterketak "baldintza eta bermerik onenetan" egiteko hainbat neurri hartuko direla gaineratu du oharrean.

Eusko Jaurlaritzako Osasun sailak eta Osakidetzak "errespetua" adierazi diote LEPetako epaimahaiek "orokorrean" egiten duten lanari. Adierazi dutenez, epaimahaietako kideak "autonomoak eta independenteak" dira, eta legediaren arabera jarduten dute. Osakidetzak nabarmendu du "arlo askotan" "normaltasun osoz" egin direla hautaprobak. Kasuren batean, epaimairen bateko kideren baten jardun irregularra frogatzen bada, "zorroztasun osoz" jokatuko duela ziurtatu du osasun zerbitzu publikoak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna