Zezenketak

Zezenketen kontrako manifestazioa egingo dute Donostian, hilaren 11n

Donostia Antitaurina Orain, Eguzki eta Askekintza eragileek deitu dute mobilizaziora, Donostiako jaietako lehen egunerako.

Donostia Antitaurina Orain, Eguzki eta Askekintza ergileen agerraldia, gaur, Donostiako udaletxearen parean.
2018ko abuztuaren 1a
19:52
Entzun

"Geroz eta gehiago gara zezenketen aurka eta zezenen alde egiteko prest gaudenak, eta entzun egin beharko gaituzte", adierazi dute manifestazioaren deitzaileek, Donostian egin duten agerraldian. Abuztuaren 11n Donostiako erdigunea zeharkatuko dute Zezenketarik ez. Ez Donostian ez inon leloarekin. Manifestazioa 18:00etan hasiko da Bulebarrean, eta Bretxan amaituko da.

Nabarmendu dutenez, "hamarnaka zezen erabili eta erailtzen dira Illunbeko zezen plazan", tradizioaren eta aisiaren izenean. Jardun bidegabea dela salatu dute. "Zezenek, aske eta erasorik jaso gabe bizi nahi dute, guk bezala. Onartezina da gizakiok, gure pribilegioez baliatuz, animaliak zapaltzea. Ezin ditugu haien oinarrizko interesak urratu, gure onura eta dibertsiorako".

Deitzaileek gaitzetsi egin dute Donostiako Udalaren jarrera, eta hari leporatu diote zezenketei ezinbestekoa zaien babesa ematea. Ohartarazi dutenez, zezenketak ez lirateke posible izango Donostian udal gobernuak "espresuki ematen dien sostengurik gabe".

Eragileek dei egin die jai batzorde, elkarte, kolektibo, eragile eta norbanako guztiei manifestaziora batzera eta "gatazka honetan botere gutxien duenaren alde" egitera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.